Gaur goizean, maiatzak 31, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Kultura eta Gobernantza saileko zinegotzi Gonzalo Olabarriak eta Udaleko Kultura saileko taldeak Bilboko sektore eszenikoaren ordezkaritza batekin bildu dira, laugarren lan-topaketa izan delakoan. Bilera hau Arriaga Antzokian egin da.

Bilboko Udalak berak deitutako laugarren saio horren xedea izan da erakundearen eta tokiko kultura-eragileen arteko topagunea eratzea, uriaren eta bertako eragileen kultura-bizitzaz eztabaidatzeko, eta alor horretako ideiak, erronkak eta proposamenak partekatzeko.

Bileran, sektorearen egungo egoerari eta kultura-eremuko langileen egoerari buruz eztabaidatu dute, arreta berezia jarriz Udalak aurreko urteetako bileretan bere gain hartutako konpromisoei. Hortik abiatuta, kultura-sektorearen egoerari buruz eta pandemian ikasitakoei buruz jardun dute, besteak beste.

Era berean, kultura-proposamenak deszentralizatu eta auzoen bitartez herritarrei hurbiltzeko Udalak egindako apustuaz aritu dira —horrek eskaintza zabaldu, eta antzokietan eta zinema- edo kontzertu-aretoetan kulturaz gozatu ezin dutenengana heltzea ahalbidetzen du—.

Juan Mari Aburtok berretsi du Udalak uriko kultura-eragileekin duen konpromisoa: «harro gaude gure programazio kultural eta eszenikoaren ateak tokiko konpainiei zabaltzeaz; haiei ikusgaitasuna eta erakusleihoak eskaintzeaz, bilbotarrei haien lana erakutsi ahal izateko eta herritarrek ikus dezaten proposamen bakoitzean egindako lana. Gure aldetik, konpromisoak indarrean jarraitzen du».

Udala eta sektore eszenikoko eragileek adierazi dute sare sendoak ehuntzen jarraituko dutela, kulturak ekarriko dituen erronka berrietan lan egiteko eta, hala, askotarikoa, irisgarria eta kalitatezkoa den, eta zerbitzu publikoaren kontzientzia duen kultura-eskaintza lortzeko eta eskaintza horretaz gozatzen dutenen bizimodua hobetzeko.