Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusiak “Eztabaidak literaturarekin” zikloaren hitzordu berria hartuko du asteartean 19.00etan, Andrés Neuman eta Nuria Barrios-en partaidetzarekin, eta Felipe Juaristi idazlea lagun izanda.

Udalak hala aurreratu duenez, hitzorduan, besteak beste, gai hauek jorratuko dira: idazketari profesionalki ekiteko bokazioa; best seller bat idazteko formula magikorik badagoen; kritika txarren beldurra edo poesiaren egungo egoera.

Andrés Neuman Buenos Aires-en jaio eta bertan eman zuen bere haurtzaroa. Erbesteratutako musikari argentinarren semea, Granadan hazi zen. Filologia Hispanikoan lizentziatu zen, doktorego ikasketak egin zituen eta latinoamerikar literaturako irakasle izan zen Granadako Unibertsitatean. Munduko unibertsitate ospetsuenetan ikastaroak, tailerrak eta mintegiak eman ditu, hala nola Oxford, Cambrdige, Georgetown, John Hopkins edo Sorbonan. Bestek beste, Kritikaren Saria, Alfaguara Saria, Hiperion Saria eta Firecracker Award Saria jaso ditu. Besteak beste, honako eleberri hauen idazlea da: “Bariloche”, “La vida en las ventanas” eta “Fractura”; baita “El que espera” eta “El último minuto” bezalako ipuin-liburuak, aforismoak eta bidaia-liburuak.

Nuria Barrios Madrilen jaio zen 1962an. Filosofian doktorea da. “Amores patológicos” eleberria, “El zoo sentimental” kontakizun liburua, “Balearia” bidaia-liburua eta “Todo Arde” argitaratu ditu. Era berean, ipuinen antologietan parte hartu du eta El País egunkarian ohiko kolaboratzailea da.

Felipe Juaristi idazle eta poeta da, eta besteak beste, Euskadi Literatur Saria eta hainbat Kritika Saria jaso ditu.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegiak kulturari eskainitako gunea da. Bere helburuen artean kultura, literatura eta zientziaren garapena eta sustapensa daude.

Sarrera doakoa eta librea izango da lekua bete arte. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.