Síguenos en redes sociales:

Olentzero eta Mari Domingi ostiralean helduko dira Bilbora

2 euroren truk ikusiko dituzte umeek, aurten eskainiko diren hiru emanaldietan

Olentzero eta Mari Domingi ostiralean helduko dira BilboraBilboko Udala

Aurten ere, eta pandemiari aurre eginez, Olentzero eta Mari Domingi hemen izango dira berriz ere, Bilbon, umeen bihotzak poztasunez betetzeko. Nahiz eta kalejira ez den ospatuko, Arriaga Antzokian izango dira hiru emanaldietan (9:30ean, 11:15ean eta 13:00etan).

2.500 umek (iaz baino 1000 gehiagok) aukera izango dute, hartara, emanaldiez gozatzeko. Hala, sarrerak bihar jarriko dira salgai, abenduak 21, Arriagako webgunean.

Olentzero nahiz Mari Domingi eta Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotzia bat etorri dira "erantzukizuna eta ilusioa" helarazi nahirik, astelehen goizean hedabideetako ordezkariekin elkartu direlarik Udaletxean, bisitaldiaren azken xehetasunak lotzeko.

Ikazkin euskalduna, nazioartean ospe handiena duena, Bizkaiko hiriburura etorriko da --baieztatuta dago--, eta, etorri ere, Gabonetako ikuskizun batekin etorriko da, antzerkia, musika eta magia asko eta betiko kantuak ekarriz...Arriaga Antzokian izango da hori guztia, eta covid-19aren kontrako neurriak ziurtatuta egongo dira.

Udalak egokitu egingo du Olentzeroren, Mari Domingiren, Lamiaren eta Galtzagorrien bisitaldia, umeendako eta familiendako ikuskizun baten bidez. Era horretan, bermatuko du nagusiek, gazteek eta txikiek eta familiek ere Gabonetan xarma bizi ahal izatea, eta garai honetan ohikoak diren jarduerak gauzatu ahal izatea, eta birusaren kontrako segurtasunez, betiere.

Ekitaldi jendetsuak saihesteko gomendioaren aurrean, hala nola betiko Kalejira, Bilboko Udalak ordezko aukera batzuk programatu behar izan ditu, ikuskizun hau bezalakoak; seguruenik, gainera, xarmaz eta pozez beteko ditu Bizkaiko uriburuko nagusien zein txikien bihotzak. "Hasi da atzeranzko kontaketa, urteko eta 2021 honetako unerik xarmagarrienetako baterako, Olentzero eta Mari Domingi iritsiko direnerako pozez beteta Bilbora, Gabonetako uriburura, eta xehetasunik txikitxoena ere zainduta", adierazi du aurkezpenean.

Udalaren Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotziak familiei zuzendu dizkie bere berbak, umeak Arriagara ekar ditzaten dantza egiteko eta kantatzeko irrikatan, han, Arriaga Antzokiko jarlekuetan jarrita egon daitezen ikuskizuna gozatuz, eta maskarak jantzita. “Bilbon, Gabon berezi batzuen alde egin dugu, poz eta ilusio handia izan daitezen, baina zuhurtasunez eta erantzukizunez beterik. Zaudete ziur atsekabez gaudela kalejirarik ezin eginez, baina osasuna eta erantzukizuna nagusitu dira Arriaga Antzokian ikuskizun hau programatzeko orduan. Pentsatzera jarri ginen zer beste aukera geneukan gure umeendako...eta uste dugu ikuskizun eder baino ederrago hau, Olentzero eta Mari Domingi antolatzen ari direna, aukera segurua, dibertigarria, guztiz xarmagarria dela, eta Gabonen espiritua oso-osorik sentiaraziko digula..." adierazi du Itziar Urtasunek.