Síguenos en redes sociales:

Bilbao Kirolaken bitartez

Deustuko igerileku estalian hobekuntzak egingo ditu Bilboko Udalak

Deustuko igerileku estalian hobekuntzak egingo ditu Bilboko UdalakBilboko Udala

BILBO. Bilboko Udalak 183.255 euro inguruko aurrekontua bideratuko du Deustuko kiroldegiko igerileku estaliko lauzadura berritzeko lanak egitera.

Obra horien barruan, orain dauden zeramikazko lauzen ordez seguruagoak, modernoagoak, estetikoagoak eta mantentzen errazagoak diren beste batzuk jarriko dira; horrela, erabiltzaileen segurtasuna hobetuko da, eta mantentze-lanak eta garbiketakoak errazago egin ahal izango dira.

Gainera, umeentzako igerilekura sartzeko maila kenduko da irisgarritasuna hobetu eta uretara samurrago sartzeko eta ur-bilketa hobetuko da, bai eta gainezkabideetako ubideak ere.

Esku-hartze honen bidez, Bilboko Udalaren helburua da Bilbao Kirolaken instalazioen kalitatea mantentzea eta hobetzea, Bilboko herritarrei kalitatezko kirol-guneak eskaintzeko, jarduera fisikoa egin eta bizi-ohitura osasungarriak har ditzaten.

Deustuko igerilekua itxita egongo da obra horiek egiten diren bitartean, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean; hain zuzen ere, igerilekuan jenderik gutxien ibiltzen den sasoia delako erabaki du Udalak denbora-tarte horretan egitea obrak.

HOBEKUNTZA LANAK

Zehazki, hondartzako zeramikazko lauzak aldatu eta, bide batez, malda berriak sortuko dira. Era berean, helduen igerilekuko ontziaren hondoko lauzak, igerilekua inguratzen duen zokaloko estaldura eta sarrerako eskaileretakoak eta horien paramentuetakoak ere aldatuko dira.

Sortutako malda berriek zuzenean saneamendu-sareko kolektorera eramango dituzte igerilekuko hondartza garbitzetik hara doazen urak, biltzeko kanal berri bati esker.

Igerilekuko hodietan dauden gainezkabide-kanalen ordez, zeramikazko beste batzuk jarriko dira, hobeto mantentzeko eta garbitzeko.

Azkenik, haurren ontzira sartzeko maila bakarraren ordez, % 10etik beherako malda duten arrapalak jarriko dira, hartara irisgarritasuna hobetuz.