BILBO. Hurrengo astelehenean, maiatzaren 18an, koronabirusak eragindako osasun alarma dela eta bertan behera utzi behar izandako bost birziklatze zerbitzuak berrabiaraziko ditu Bilboko Udalak. Bost zerbitzu horietatik hiru herritarrentzat dira, eta beste biak, berriz, ostalaritzako eta merkataritzako saltokientzat. Horrela, pixkanaka-pixkanaka zerbitzu guztiak normaltasunera itzultzea espero da.

Lau Bilbogarbi finkoak irekiko dira. Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Sailak ematen dituen zerbitzuak berrantolaturik alarma-egoeraren ondorioz, Bilbogarbi bakar bat geratu zen irekita herritarrentzat, Elorrieta Elorrietakoa, hain zuzen. Datorren astelehenetik aurrera, ostera, guztiak egongo dira irekita, laurak. Haietako hiru, Artxandakoa, Larraskitukoa eta Zorrotzakoa, goizez, astelehenetik barikura, 8:00etatik 14:00etara; eta Elorrietakoa, arratsaldez, 14:00etatik 20:30era, astelehenetik barikura, hori ere.

Horrez gain, ostera irekiko da laguntzailerik gabeko Bilbogarbia, betiko lekuan eta betiko ordutegiekin: Udalaren web-orrian daude zehaztuta ordutegiak, begiratu nahi izanez gero, edo telefono hauetara deitu daiteke, galdetzeko: 010 eta 94 447 50 56.

Era berean, badago aukera 010 telefonora deitzeko, etxera bertara joanez traste handiak batzeko zerbitzua eskatzeko; hau ere datorren astelehenean hasiko da berriro.

Eta, azkenik, merkataritzaren eta ostalaritzaren pixkanakako deseskaladari begira, berreskuratu egin dira ostalaritzako beira biltzeko atez ateko zerbitzua eta merkataritza-sektorerako kartoizko papera biltzeko atez ateko zerbitzua.