BILBAO. Aste Santuko "B-tuber. Izan Youtuber!" taileretan izena emateko epea zabalduko da bihar, astelehena, martxoak 18. Tailerrotan, 2004tik eta 2007ra bitartean jaiotako eta Bilbon erroldatuta dauden neska-mutilek euskaraz bideoak sortu eta editatu ahal izango dituzte, baita YouTubetik ezagutzera eman ere. Tailerrak apirilaren 23tik 26ra egingo dira.

Izena emateko epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik eta Udalaren web orrialdean izena ematean izandako hurrenkeraren arabera esleituko dira plazak.

YouTuben euskararen erabilera zabaltzeko asmoarekin sortu da B-Tuber; izan ere, Youtube da gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat. Aldi berean, ekimenean parte hartzen dutenek aukera izango dute YouTuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta gestionatzeko ezaguera teknikoak eskuratzeko.

Horretarako, bi motatako ikastaroak eskainiko dira, doakoak eta 8 ordu iraungo dutenak, 4 orduko saio bitan banatuta. Euskararen Etxean egingo dira (San Ignazioko Agoitz plazan). Tailer bakoitzean 15 pertsona egongo dira gehienez ere:

Hasiberrientzako tailerrak

Apirilaren 23an eta 24an (bi tailer) eta 25ean eta 26an (tailer bat), goizez, 09:30etik 13:30era.

Tailerrean lehendabizikoz izena emango dutenei zuzendutakoak.

Hasiberrientzako tailer hauetan 45 plaza eskainiko dira.

Hobetzeko tailerrak

Apirilaren 25ean eta 26an (tailer bat), goizez, 09:30etik 13:30era.

Hasiberrientzako tailerra egindakoentzat da. Plaza libreak geratzen badira, hasiberrientzako ikastaroa egin ez duten pertsonek parte hartu ahal izango dute.

Hobetzeko tailer bakarrak eskainiko da, 15 lagunentzat.

Ane Atxutegi youtuberra izango dugu irakasle tailer bietan, Ane Iturriarte youtuberraren laguntzarekin hasiberrientzako taldean, eta oso-osorik euskaraz eskainiko dituzte.

Ikastaroetan benetako “youtuber” izan nahi dutenentzako interes handiko gaiak jorratuko dituzte, esate baterako, bideoak editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta gestionatzeko ezaguera teknikoak.

Aste Santuko oporraldian eskainiko diren tailerrotan parte hartzeko gogoa duten Bilboko neska-mutilek martxoaren 18tik 31ra arte izena eman behar dute honako webgunean: www.bilbao.eus/euskara/btuber.

Bi aste horietan, B-Tuber ekimenean parte hartu nahi dutenek ikastaroa noiz egin nahi duten adierazi beharko dute formulario batean. Izena ematean izandako hurrenkeran esleituko dira plazak. Plaza guztiak betetakoan, itxarote-zerrenda bat zabalduko da. Tailerrean plaza librerik geratzekotan, plazarik lortu ez duen zerrendako lehenengo pertsonari dei egingo diogu.

Programa hau Bilboko Udalak antolatu du, Azkue Fundazioarekin batera, eta Bilboko Udalaren Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) helburuak ditu oinarri: hizkuntzaren transmisioa, kalitatea eta zerbitzua.