Síguenos en redes sociales:

Zinegoak-ek "Bixa Travesty" ekarriko du ekainaren 29an

Emanaldi hau 365ZG jardueraren baitan antolatzen da

Zinegoak-ek "Bixa Travesty" ekarriko du ekainaren 29an

BILBO. Protagonista Linn da Quebrada (MC Linn) pertsonaia berezia, zuzendaritzan Kiko Goifman eta Claudia Priscilla, eta dokumental onenaren Teddy Sariaren irabazlea Berlinaleko azken edizioan. Horixe dugu Bixa Travesty (maritxu trabestia) dokumentala. Eta gutxi balitz, dokumental onenaren saria eta publikoaren saria jaso ditu Valentzian berriki itxitako Mostra La Ploma jaialdian.

Bixa Travesy filman Linn eta bere zuzeneko show indartsu eta gordinak ezagutuko ditugu, bere bizitza intimoan barneratuko gara tarteka egiten dituen auto-hausnarketa politikoekin eta bere lagun kutunarekin egiten dituen irratsaioak entzungo ditugu; matxismo, arrazakeria edo transfobiari buruzko elkarrizketa ironikoak. Irudi autobiografiko bat eratzen joango da, musikala eta errebeldea, Brasilgo trans-performer boteretsuenetarikoaren eta gero eta ezagunagoa den pertsona honen irudia eraikiz. «Brasilen inon baino trabesti eta trans gehiago erailtzen dira.

Gizarte bazterretan bizi dira eta isilpeko gorputzak izatera kondenatuta daude. Horregatik, Linnek Sao Paulon duen tokia bezalako filma egin nahi genuen, hau da, potentea, politikoa eta erradikala», azaldu zuen Claudia Priscila zuzendariak duela gutxi emandako elkarrizketa batean. Dokumental honekin 365ZG jarduerak beste urrats bat ematen du eta bere izaera aldarrikatzaileari ekiten dio berriro, izan ere, data honetan, ospakizunaz gainera salaketa egin eta agerian jarri nahi dituzte munduko herrialde askotan sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik gertatzen diren babesgabetasun egoerak eta giza eskubideen urraketak.

«Iaz figura historiko bat ekarri genuen gogora, Marsha P. Johnson, E28ko Stonewalleko istiluetan parte hartutakoa. Aurten, gaurkotasunera jo dugu eta Marsharen aztarnak jarraituz LGTB+ borrokaren abangoardian dauden pertsonak ezagutarazi nahi ditugu», dio Zinegoakeko zuzendari eta, E28 koordinakundearekin batera, emanaldi honen antolatzaile den Pau Guillenek.

Emanaldi hau 365ZG jardueraren baitan antolatzen da. Horrez bitartez, Zinegoakek (Bilboko LGTB zinema eta arte eszenikoen jaialdiak) egitarauak eskaintzen dizkigu urteko egun berezi eta zehatzetan, eta doan. Oraingoan ekainaren 29an izango da, 20.30ean Bilborock aretoan, doan.