BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren esku dagoen Euskal Museoak klaustro estali berria aurkeztu du. Euskara eta Kulturako diputatu Lorea Bilbao, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Euskal Museoko Koordinatzaile Sorkunde Aiarza egon dira, proiektuaren ardura izan duten arkitektoekin batera egindako bisita teknikoan

Museoak beiraz egindako prisma bat izango du eta egitura oran dagoen irudian integratuta geratuko da klaustroa estaltzeko lanak eginda, . Lehiaketa bat egon ondoren, A+PI Arquitectos estudioa izan zen irabazlea eta honek egin beharreko lana ez da inbaditzailea, hau da, orain arte egon den eraikina errespetatu du. Gainera, Bilboko Zazpi Kaleetako eraikinek hirigintza-arloko arautegi bat bete behar dute eta museoak badu babes berezia. Arkitektoek arautegiaren arabera jokatu dute obra egiteko. Horrela, Mikeldi idoloa eta klaustroan ikusgai dauden bildumako beste pieza batzuk klimatologiatik babestu ahal izango dira. Izan ere, hezetasun handia dago klaustroan. Gainera, Euskal Museoak eta uriak horrela gehien bat kultur jarduerak egiteko izango den espazio berri bat izango dute. Klaustro berria asteazkenean, ekainak 13, irekita geratuko da jendeak ikusteko.

XEHETASUN TEKNIKOAK

Klaustro berriaren aurkezpenean A+PI Arquitectos estudioko Eduardo Aurtenetxek izan du bisita teknikoaren ardura eta proiektuari buruzko xehetasun guztiak azaldu ditu.

Obraren ardura izan duen arkitekto-taldeak azaldu duenez, beirazko prisma bat jarri dute eta altuera handiagoa izanik, klaustroko espazioak handiagoa eta arinagoa ematen du. Kanpoko espazio bati dagokion izaera edukitzeko diseinatu zen eta, horrekin koherentea izanik, argitasun handia du espazio horrek. Estilo barroko klasizista goiztiarreko klaustroaren arkitektura eta tamaina errespetatu ditu lanak. Ikusmolde garaikide batetik planteatu dute lana eta euskal arkitektura historiko ilustratuaren izaera soil eta apaindura gutxikoa kontuan hartu dute.

Teknikaren aldetik, oso egitura arina jarri dute, obran jarrera sinple eta merkea izan duena; izan ere, elementu solteak izan dira obran bertan muntatu dituztenak. Hori eraikinaren kokalekua eta konfigurazioa kontuan hartuta, oso garrantzitsua izan da. Norabide biko konposizioa du estalki berriak eta klaustroari eusteko ardatzak errespetatu ditu. Zutoinetatik, diagonalak tartean, laukitxoak dituen 3x3 metroko sarea eratu da eta zutikako tirante-egitura batez osatu da. Tirante-egiturako elementu bertikalez baliatu dira horietan klaustroaren argi-puntuak jartzeko. Argitasuna biziagoa edo motelagoa izateko aukera dago, erabilera ezberdinetarako egokia izateko. Orain arte egon den argiztapenaren osagarriak dira argi-puntu horiek. Obraren inbertsioa 356.107,53 eurokoa izan da. Zenbateko horri arkitektoaren, aparejadorearen eta segurtasun-koordinazioaren gastuak gehitu behar zaizkio.

ZENBAIT HILABETEZ LANEAN

Zenbait hilabeteko lanaren emaitza da espazio berria. 2017ko lehen hiruhilekoan lehiaketa bat izan zen. Horrek fase bi izan zituen eta epaimahaiak esku hartu zuen proiektuaren idazketa erabakitzeko. Proiektua egiteko 20 proposamen aurkeztu zituzten; eta, horiez gain, beste bat epez kanpo aurkeztu zuten.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak osatu zuten epaimahaia. Aurkeztutako proposamenetatik hamaika bazterrean utzi zituen epaimahaiak integrazio funtzional eta estrukturalaren aldetik, irudi arkitektonikotik zein soluzio energetikotik begiratuta maila egokia ez zutelako. Bigarren ebaluazioan beste sei proiektu utzi zituen epaimahaiak baztertuta irudi arkitektonikora egokitzen ez zirelako. Horiek horrela, hiru finalista gelditu ziren eta bigarren fasera pasatu ziren. 1.000 euro jaso zituen horietako bakoitzak aurreproiektu bat idazteko. Azkenean A+PI Arquitectos estudioa aukeratu zuen epaimahaiak irabazle eta uztailaren 17an kontratua egin zuten. Egun hartatik 30 eguneko epea izan zuen arkitektoen estudioak egikaritze-proiektua aurkezteko.

Azkenean, obra azaroan esleitu zen eta adjudikazioduna Construcciones Castellano enpresa izan zen. 6 hilabetean amaitu dute obra eta fase bi egon dira. Obra egiteko aldamioak jarri zituzten; eta, bide batez, aldamio horietaz baliatu ziren klaustroaren fatxadaren garbiketa eta patologien analisia egiteko.