BILBO. Nagusien egunaren hirugarren edizioa ospatu da gaur goizean Bilboko Aretzan.Bizkaiko adinekoen urteko ospakizunik handiena da jadanik, izan ere, Bizkaiko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak (Nagusiak) Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Gurutze Gorriaren lankidetzaz antolatzen duen urteko topaketa hau Bizkaiko herri guztietatik etorritako ehunka pertsona biltzen dituen hitzordu ludiko eta erreibindikatiboa bilakatu da. Bertan, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Iñigo Pombo Gizarte Ekintzako Zinegotzia eta beste ordezkari instituzionalak egun dira.
Aburto Alkateak “bizitzaz modu aktibo, osasuntsu eta osasungarrian gozatzera” gonbidatu ditu adineko pertsona guztiak, eta etxetik ateratzera animatu ditu “Europako Hiririk Onena izendatu duten Bilbo honetaz goza daitezen, izan ere, Bilbo berri hau zuen lanaren emaitza zuzena da, zuen belaunaldiak duela 30 urte hondatuta zegoen hiri hau berrasmatzeko egin zuen ahalegin eta ilusioaren emaitza, alegia”.
Era berean, Juan Mari Aburtok “Alkatearen eta Udalaren konpromisoa” azpimarratu du, “Bilboko hiria adineko pertsonekin adeitsua izan dadin; irisgarritasuna, zerbitzu eta prestazio sozialak zein ekipamendu publikoen kalitatea zaintzen dituen hiri barneratzailea; pertsona guztien eskubideen egiazko berdintasuna bermatzeko asmoz, generoaren eta adinaren gainetik, aniztasun funtzionalaren eta bestelakoen gainetik”.
Azkenik, Alkateak “adineko pertsonekin batera lanean jarraitzeak” ematen dion ilusioa nabarmendu du, “zuen esperientziaz, zuen jakinduriaz, zuen lan-gaitasunaz eta zuen elkartasun osoaz baliatzen jarraitzeko”.