Bilbo -Ardoa biltzeko tresna arrunt batetik artelan koloretsu bat izatera. FormArteko ikasleek upel batzuen bizitza luzatu ez ezik, Bilboko kaleak ere alaituko dituzte. Eta are gehiago, haien sorkuntzak salduz hain gustuko duten zentroa zabalik mantenduko dute. Beraz, salmentan jarriko diren 30 upelak ez dira egurrezko gailu batzuk bakarrik izango. “Artelan bat baino gehiago, artisten zati bat eramango dute erosleek”, Ana Urgoitiak, FormArte elkarteko zuzendariak, definitu zuen bezala.
Atzo, Ercilla kalean, Urgoitiaz gain Iñigo Pombok, Gizarte Ekintza Saileko zinegotziak; Itziar Urtasunek, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jai Saileko zinegotziak; eta Iñaki Murillok, Murillo Viteri upeltegiko ordezkariak, upel solidarioen salmenta aurkeztu zuten. Helburua, sorkuntza-artistikoaren bidez adimen ezgaitasuna duten pertsonen garapena sustatzen duen elkartea finantzatzea da. Proiektua aurrera ateratzeko upeltegiaren laguntza nahitaezkoa izan dute.
Upel bakoitzak 150 euro balioko ditu, hala ere, erosleek borondatea gehitu ahal izango dute, irabazi-asmorik gabeko erakundea batentzako baita dirua. Bilboko sei puntutan egongo dira ikusgai ekainaren 11tik 25era: Azkuna Zentroan, Indautxu plazan, Moyua plaza, Kale Nagusian, Biribil plazan, Zabalburun eta La Casillan.
Aurkezpenean Urgoitik proiektua aurrera eramatera lagundu duten alde guztiak eskertu zi tuen, batez ere upeltegia. Honen ordezkariak, Murillok, haren arbasoek sortutako erakundearen historia laburtu zuen, baita margoztutako barrikak nondik zetozen ere. “Markaren ardorik onenarentzat, upa bereziak nahi genituen”, azaldu zuen. Helburu horrekin, Apalatxeetatik ekarri zuten upelak egiteko egurra, upeltegiaren filosofiarekin bat zetorren zerratagi batetik. Hau da, ingurumenarekin errespetua, eta erantzukizun sozial eta ekologikoa oinarri bezala zituen enpresa batetik.
Upek metatzen zutena saldu zutenean, Murillo Viteriko arduradunek ez zekiten haiekin zer egin eta pentsatu zuten jada upel geihegi zeudela lorategietan. Orduan FormArteko kideekin jarri ziren harremanetan, eta bereala aurkitu zuten soluzioa: upelak margoztuko zituzten. Horrela, elkarteko ikasleek lanari ekin zioten, ardoa biltzeko tresna zena artelan bihurtuz.-