Síguenos en redes sociales:

Bilboko saltokietan autobabes neurriak sustatzeko kanpaina abiarazi du Udalak

Udaltzaingoak merkealdiak bezalako jende-pilaketa handiko sasoietan lapurretak eta ebasketak murriz ditzaketen autobabes aktibo nahiz pasiboko neurriak azaldu ditu merkataritzetan

Bilboko saltokietan autobabes neurriak sustatzeko kanpaina abiarazi du UdalakDEIA

BILBAO. Bilboko Udalak informazio kanpaina berri bat bultzatu du: merkealdiak bezalako jende-pilaketa handiko sasoietan, iriko saltokietan gerta daitezkeen lapurretak eta ebasketak murrizteko autobabes aktibo nahiz pasiboko neurriak sustatzearren.

Horren harira, Bilboko Udaltzaingoa hiriko merkataritza-esparru nagusietako saltokiak bisitatzen hasi da neurri horiek azaltzeko asmoz. Bilboko Udalak foileto batean bildu eta argitaratu ditu gomendio horiek guztiak, aipatutako bisiten amaieran udaltzainek saltokietako arduradun eta profesionalen artean bana ditzaten.

Bilboko Udalak informazio-foileto horren 12.000 ale argitaratu ditu guztira, eta horien banaketa hasita dago jadanik merkealdien ondorioz jende-pilaketa handiak izan ohi dituzten eremuetan ?bereziki Zazpi Kaleetan eta Abando eta Indautxu aldean?, baina datozen asteotan Hiri osora zabalduko da.

Bilboko Udalak argitaratutako informazio-foiletoan bildu diren autobabes-neurri aktiboen artean, honako hauek nabarmen daitezke: saltokia ireki zein itxi aurretik ingurura begiratzea pertsona edo ibilgailu susmagarririk ote dagoen ikusteko, edota ateak eta pertsianak aztertzea lapurreta-markarik edo zantzurik dagoen ikusteko. Halakorik aurkituz gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jarri behar da 092 telefonoaren bitartez.

Era berean, kutxa erregistratzailean diru gehiegi ez biltzea gomendatzen da, eta lapurreta egonez gero, lasai egoten saiatu behar da, lapurrei aurre egin gabe, eta ezaugarri fisikoak, tatuajeak, janzkera, hizkera eta geroko identifikazioa erraz dezakeen beste edozein alderdiri erreparatuz.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoak zenbait segurtasun-neurri pasibo hartzea ere gomendatu du, hala nola, sarrailak eta ateak egoera onean eta saltokia irekitzeko giltzak kontrolpean edukitzea, edota kutxa erregistratzailea mostradoretik bereizita jartzea, saltokiko langileek erraz ikusteko moduko leku batean.

Azkenik, establezimenduaren barruko aldea eta erakusleihoak ondo argiztatzea, salgaietan babes mekaniko edo elektronikoko sistemak jartzea eta kamerak eta alarma-sistemak instalatzea gomendatzen da, kamerak saltokiko atera eta kutxa erregistratzailea dagoen lekura begira jarrita.