BILBO. The Hacker goitizenaz ezaguna den Michel Amato produktore frantsesak 1990eko hamarkadatik jarraitzaile asko ditu 1980ko hamarkadako doinuen eragina duen musika elektronikoari esker: Depeche Mode, New Order, Giorgio Moroder, Cabaret Voltaire, Front 242 edo Kraftwerk ditu inspirazio-iturri. Halere, abangoardiako techno musikaren zalea da.
Hainbat single argitaratu zituen Sativae, White Noise, Tsuba, Infiné, Correspondant eta Tigersushi diskoetxeetan, 2011ean Zone etxe propioa sortu zuen arte. 2014an "Love/Kraft" diskoa argitaratu zuen, eta 2015ean demo galduen EP berria atera zuen Miss Kittinekin batera AEBetako Dark Entries etxearekin.
2016 urte emankorra izan zen: maxi-single bat kaleratu zuen Cititrax diskoetxearekin eta beste bi Dark Entries etxearekin; hainbat remix argitaratu ditu eta lankidetzan aritu da Luke Eargoggle eta DJ Overdosekin. Oraingo zuzeneko proiektuan bere sustraietara bueltatu da %100 analogikoa den set batean, non bere bi joera kuttunenak biltzen dituen: new wave iluna eta tekno indartsua.
DJ frantsesaren aurretik, Undo bartzelonarra (Gabriel Berlanga) eta Jose Vicente Lopez "DJV Sound" bilbotarra ariko dira. Gainera, bertaratzen direnek, "Bill Viola: atzera begirakoa", "Georg Baselitz. Heroiak" eta "Guggenheim Bilbao Museoko Maisulanak" erakusketak, eta Ken Jacobs artistaren "Gonbidatuak (The Guests, 2013)" bideoinstalazioa bisitatu ahalko dituzte.