BILBO. Horrela, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, besteak beste, Alain Juppe Bordeleko agintari nagusi eta Frantziako lehen ministro ohia (Aburtok lan bilera izango du berarekin) eta Enrique Peñalosa Bogotako alkatea izango dira ekitaldian.
Aburtok bienaleko hasiera jardunaldian hartuko du parte ostiralean. Ondoren, Bordeleko udaletxean jarri den Bizkaiko hiriburuari buruzko argazki erakusketa batera joango da. Larunbatean, aldiz, klima aldaketaren inguruan hiriek egin behar duten egokitzapenaren gaineko eztabaida batean parte hartuko du, India, Kolonbia eta Errusiako udal eta politika arduradunekin batera.
Bilboko alkateak Bordelera egingo duen bidaiaren xede nagusia bi hirien arteko harremana sendotzea da, etorkizunean zenbait arlotan elkarlanean aritzeko asmoz, hala nola garapen ekonomikoari, hirigintzari eta talentua erakarri zein eusteari dagokionez. Xede horrekin, Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzi den Xabier Ochandianok eta Hiri Plangintzako zinegotzi den Asier Abaunzak ere parte hartuko dute Agora bienalean.
Esan bezala, Bilbok "protagonismo nabarmena" izango du Agoran. Horrela, ostiralean "Munduko hiriei buruz ikasten" erakusketa inauguratuko da, eta Bizkaiko hiriburuaren alderdirik moderno eta tradizionalaren ikur diren hirigintzako irtenbideak, paisaiak eta eraikinak agertuko ditu, hala nola Guggenheim Bilbao Museoa, Azkuna Zentroa, Arriaga Antzokia, Abandoibarrako pasealekua edo Alde Zaharra.
Bienalean parte hartzen duten mundu osoko beste 16 hirietako ilustrazio eta irudiak hartuko dituen erakusketa gune berean egongo da Bilbo. Besteak beste, Bordelekin batera, Buenos Aires, Quebec, Munich, San Petersburgo, Baku, Barranquilla edo Riga moduko hiriak agertuko dira.