Bilboko udalak musika eskaintza betea eskainiko du urtea amaitu arte
Urte osoan askotariko errepertorioa izango dugu batez ere elizetan eta udaltegietan
BILBO. Eskaintzaren barruan daude Bilboko Koral Abesbatzaren eta Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren kontzertuak, BilbaoMusikak antolatutako jarduerak eta Udalaren bestelako programak, Barrutiak Kantari eta Abesbatzen Gabonetako Kontzertuak kasu; horietan Uriko hogei abesbatza inguru aritzen dira kantuan. Gainera, Bizkaiko Abesbatzen XXXIV. Eguna egingo da Zorrotzan ekainaren 4an; bertan 50 abesbatza baino gehiago elkartuko dira eta kontzertu erraldoia emango dute kalean, mila pertsona inguruk kantatuz.
Programazioa gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Udalean; bertan izan dira Nekane Alonso Kulturako zinegotzia; Ana Madariaga Bilbao Musikako zuzendaria eta Bilboko abesbatzetako eta Eskusoinuen Orkestra Sinfonikoko ordezkariak.
Aurkeztu duten programazioa hilaren 18an (zapatua) hasiko da Bilboko Udalaren laguntzarekin Bilboko Koral Elkarteak antolatzen duen Bilboko Korala Gertutik ekimeneko lehenengo kontzertuarekin. Honakoan, kantuko eta gitarren orkestrako ikasleen errezitaldia entzuteko aukera izango dugu Txurdinagako Andre Mariaren elizan. Beste bost kontzertu ere emango dituzte Bilboko Koral Elkarteko taldeek, Atxuriko, Iralabarriko, Matikoko, Zorrotzako eta Deustuko parrokietan, apirilaren 24an, 1ean, 7an eta 29an eta azkena, maiatzaren 6an.
Hain zuzen ere maiatzean, Barrutiak Kantari programak hartuko du lekukoa, 16 kontzerturekin, barruti bakoitzean bi. Bilboko ia abesbatza guztiek hartuko dute parte: San Inazio Abesbatza, Deustoarrak, Andre Berri Abesbatza, San Anton Abesbatza, Coro Emays, Lur Maitea Otxote, Sanfran Korue, Coro Lagundi, Coro de Ingenieros, Coro del Club Deportivo, Bilbao Argia Otxote, Emitenia Coro de Cámara, Begoñako Sustraiak Abesbatza, Agrupación Coral Otxarkoaga, Garaizarko Matsorriak Abesbatza, Coro San Antonio de Iralabarri, Arraizpe Abesbatza, Gaudeamus Hodie Abesbatza, Euskeria Abesbatza, Jatorki Abesbatza, Coro Bagabiltza, Inmakuladako Abeslariak eta Mikel Deuna Abesbatza.
Barrutiak Kantari programa barruko abesbatzen kontzertuak parrokietan egingo dira, batez ere, baina aire zabaleko kontzerturen bat edo beste ere sartu da; esaterako, Iturriondo plazan maiatzaren 21ean egingo dena, 12:00etan hasita, Sanfran Korue-ren eskutik.
Musikako programazioari amaiera bikaina emateko, ekainaren 4an, Bizkaiko Abesbatzen XXXIV. Eguna egingo da Zorrotzan; bertan lurralde osoko 50 abesbatza baino gehiago elkartuko dira eta kontzertu erraldoia emango dute kalean, mila pertsona inguruk kantatuz. Jai handi honen bidez, ikus-entzuleei abesbatzen mugimenduaren indarra erakutsi nahi zaie eta, bide batez jendeari gogorarazi gure artean dagoen abesteko tradizioa eta gustua.
Urtea amaitu bitarteko jardueren artean, irailaren erditik aurrera lau kontzertu izango ditugu Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Udalaren laguntzarekin, antolatuta. Kontzertu horiek zenbait lekutan egingo dira barikuetan, 20:00etatik aurrera; azkena, urriaren 27an egingo da Azkuna Zentroko Kulturen Atarian.
Abenduan ere ez dugu musika alde batera utziko. Hil horretan Kultura Sailaren Abesbatzen Gabonetako Kontzertuak izango ditugu, uriko abesbatzak Gabonei lotutako abestiak abestuz elizatan. Azken edizioan 25 abesbatzak hartu zuen parte eta 2.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren haiek ikustera eta entzutera. Gabonen bueltan Adineko Pertsonen Abesbatzen Astea egiten da Otxarkoagan. Egun horietan adineko pertsonez osatutako Bilboko eta Bizkaiko abesbatza asko elkartzen dira Barrutiko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak, Bizkaiko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak (Nagusiak) eta Bilboko Udalak antolatutako jardunaldiotan.
BilbaoMusikari dagokionez, Txistularien Udal Bandak eta Udal Musika Eskolako talderen batek uriko auzoetan egiten den Kultura Kalez Kale programan parte hartuko dute. Esaterako, iaz, San Adrian, Miribilla, Zabala eta Indautxun egin zen.
Era berean, barrutietako jaietan eta egun berezietan ohikoak dira Txistularien Bandaren eta eskolako beste talde batzuen emanaldiak (Omenaldia Fleming doktoreari, Euskararen eguna, kotxerik gabeko eguna, musikaren eguna, adinekoen eguna, Musikalean?). Oraingoz Arangoitin eta Errekalde-Betolatzan egingo dira emanaldiak baina urtero gertatzen den legez, eskari gehiago ere egongo dira BilbaoMusikako kideak auzoetako jaiak animatzera joateko.
Azkenik, Udal Musika Bandak denboraldi honetako amaiera Sarrikoko Musika Kontserbatoriora eramango du udaberrian, baita Areatzako kontzertuak izango dira ere, eta 2017-2018 denboraldiaren hasiera Azkuna Zentrora; hiru kokaleku berri, Euskalduna Jauregiari gehitzeko.