Bilboko udalak ikus-entzunezko medio eta txalaparten ikastaroen edizio berria eskainiko du
Izena emateko epea martxoaren 6tik 24ra egongo da zabalik
BILBAO. Prestakuntza programaren barruan, ikus-entzunezko medioak ezagutzeko oinarrizko ikastaroa jasotzen da, bi monografikok osatua: bideo-sorkuntzari buruzkoa (apirilaren 5, 10,19, 24 eta 26) eta reflex kamerari buruzkoa. Azken hori maiatzeko astearte eta ostegun guztietan emango da. Ikastaro biek ordutegi bera izango dute, 19:30etatik 21:30etara.
Bideo sorkuntzari buruzko gaikako lehenengo blokea, irudi digitalean oinarrizko ezagutzak izan arren esperientzia urria duten pertsonei egongo da zuzenduta. Horrela, ikastaroa bi zatitan banatuko da, kameraren erabilera eta aukerak hobeto ezagutzeko eta, ondoren, Adobe Premier programaren CS bertsioaren bitartez bideo ediziora hurbiltzeko. Pertsona bakoitzak 18 euro ordaindu beharko ditu, Tular elkarteko bazkideek 15 euro.
Reflex kamerari buruzko monografikoa, horrelako kameren erabilera eta funtzioak ezagutzeko interesa duten pertsonei dago zuzenduta, argazkiak ateratzeko zein bideoa grabatzeko. Programan hainbat gai landuko dira, kameraren funtzionamendua, objektibo motak, gaueko argazkiak, argiztapen artifiziala, eta edizioari eta muntaketari buruzko parte bat. Ikastaro horren prezioa 35 eurokoa izango da, Tular elkarteko bazkideentzat 28 eurokoa. Bi tailerretan matrikulatzen direnek gutxiago ordainduko dute, 45 euro bi ikastaroak, 40 euro Tular elkarteko bazkideentzat.
Prestakuntza horrez gain, Tular elkarteak txalaparta ikastaro intentsiboaren edizio berria ere antolatu du, oraingo honetan 24 orduko iraupena izango duena, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, maiatzeko astelehen eta asteazken guztietan. Ikastaro berean maila guztiak ikas daitezke, irakasleak txalapartaren ezagutza-maila guztiak baitakizki. Taldeak aurrera egin ahala, irakasleak ezagutza-maila handiagoa emango du eta, hartara, txalaparta gero eta hobeto jotzeko aukera egongo da. Pertsona bakoitzak 24 euro ordaindu beharko ditu (Tular elkarteko bazkideek 20 euro).
Ikastaroetarako izena ematen dutenen kopurua eskaintzen den plaza kopurua baino altuagoa baldin bada, zozketa burutuko da, martxoaren 28an, eguerdiko 12:00etan, Otxarkoagako udaltegian. Plazak eskuratzeko orduan lehentasuna izango dute 3. barrutian ?Otxarkoaga?Txurdinaga? erroldatuta daudenak eta Bilbon erroldatuta daudenak, beste herri batzuetakoen aurrean.