Síguenos en redes sociales:

Ikusi eta Ikasi programak umeentzako 66 ikuskizun eta tailer eskainiko ditu Bilbon

Ikusi eta Ikasi programak umeentzako 66 ikuskizun eta tailer eskainiko ditu Bilbon

BILBO. Ekimenaren arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez, helburua da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz.

Ikusi eta Ikasi egitasmoaren 13. edizioaren eskaintza anitza izango da: antzerkia, magia, musika, dantzak, pailazoak, zirkoa, txotxongiloak, ipuin kontalariak eta sabeliztuna, edota sukaldaritza, mozorrogintza, musikaterapia, barreterapia, sormenezko eraikuntza eta sendabelarren tailerrak. Gurasoei orientabideak emateko hitzaldiak ere izango dira, seme-alabei eskoletako lanak egiten laguntzen jakiteko. Gainera, gurasoek emozioak kudeatzen ikasteko tailerra ere izango da, berritasun modura.

Programa urtarrilaren 16an hasi eta apirilaren 5era arte iraungo du. Guztira, aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten 66 jarduera garatuko dira (31 ikuskizun, 28 tailer eta gurasoentzako zazpi hitzaldi), Abando, Begoña, Basurtu, Errekalde, Castaños, Santutxu, eta Zorrotzako udal zentroetan, Karmen eta Bilborock aretoetan, Abusuko liburutegian, Euskararen Etxean eta Tiboli, Zamakola eta Iruarteta eskoletan. Aurten hiru egoitza berri gehitu dira: Euskararen Etxea San Ignazion, Abusuko liburutegia eta Iruarteta eskola San Adrianen, hiriko ia auzo guztietara helduz.

Antolatzaileek nabarmendu dute "ahalegin handia" egin dutela txikien artean "oso harrera ona" duen Ikusi eta Ikasi programari eusteko eta kalitatea hobetzeko.

Ikusi eta Ikasi programaren iazko edizioan 6.505 pertsona batu ziren eta magiaz, musikaz, sukaldaritzaz, antzerkiaz edo dantzaz gozatu ahal izan zuten. Zehazki, Begoñan 880 pertsona batu ziren, Bilborocken 830, Deustu Bidarten 782, Errekalden 838, Santutxun 27, Zorrotzan 55, Tiboli eskolan 639, Zamakola eskolan 135, Castañosen 37, Abandon 306, Basurtun 426 eta Karmen aretoan 1.550.