BILBO. Bilboko Konpartsek egutegiaren salmentarekin lortutako dirua eta San Tomas egunean zozkatutako saskia banatu dituzte ostegun honetan. Egutegiak salduz lortutako dirua LaboreBilbo ekoizle eta kontsumitzaileak hurbiltzko asmoa duen proiektuari eman zaio, eta San Tomas egunean zozkatu zen bertako produktuz hornituriko sakia Komantxe konpartsari egokitu zaio, haiek erosi baitzuten 0395 zenbakidun txartela zekarren egutegia.
Horrela, urtero egiten duten moduan, Bilboko Konpartsek bertoko nekazaritza edo abeltzaintzarekin harremana duen proiektu bati eman dio egutegien salmentarekin lortutako dirua, eta aurten, lortutako 1.080 euroak LaboreBilbo egitasmoari ematea erabaki dute.
Abian jarri berri den elikadura burujabetzaren aldeko kontsumitzaileen kooperatiba da LaboreBilbo, produktore eta kontsumitzaileak hurbilduz beste kontsumo eredu bat eraikitzea helburu duena. Bilboko Konpartsen ordezkarien hitzetan, "zinez aberasgarria izan da guretzat guztiontzat bestelako jendarte eredu baten alde lanean diharduten kideekin goiza igaro eta haien proiektuaren berri lehenengo pertsonan ezagutzeko aukera izatea".
Halaber, Komantxe konpartsak erositako egutegien artean zegoen San Tomas eguneko zozketan saritutako 0395 zenbakia zekarrena, eta bere kideek pozik jaso dute suertatu zaien saski oparoa. Nekasareko Ganekoop Kooperatibako ortuariak, Basatxerriko txerrikiak, Boga garagardoa eta Esnetik kooperatibako eta bidezko merkataritzako produktuz beteriko saskia "Konpartsan afari ederra egiteko" aprobetxatuko dutela aitortu dute Komantxe konpartsako kideek.