BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak erabaki du "oso-osorik" finantzatzea Bilboko Arte Ederren Museoaren 2016ko jarduerak, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioari 1,5 milioi euroko ekarpena emanda.

Izan ere, Elena Unzueta foru erakundeak bozeramaileak azaldu duenez, Euskara eta Kultura Sailaren eskumenetako bat Bizkaian kultura sustatu eta zabaltzea da, berezko kultura ezagutarazi eta garatzeko eta Bizkaiko gizartea gainerako kulturen esparruetara irekitzeko.

Modu honetan, Euskara eta Kultura Sailaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, besteak beste, lurraldean jarduten duten museoak bultzatzen ditu, kalitatezko eskaintza izan dezaten eta aurrendariak izan daitezen beren lan esparruetan.

Bilboko Arte Ederren Museoaren hazia beste museo bitan dago: lehenengo Arte Ederren Museoa, 1908an sortu eta 1914an zabaldu zena, eta Arte Modernoaren Museoa, 1924an zabaldu zena. Bi museo horiek eta euren bildumek bat egin zuten 1945ean, eta urte horretan bertan altxatu zen eraikin zaharra. 1970ean, berriz, eraikin modernoa erantsi zitzaion aurrekoari eta, azkenik, 2001ean egindako zaharberritze esanguratsu baten ondorioz, egungo itxura hartu zuen museoak.

Museoa zabaldu zenetik hona garatu den ereduan, tokiko artistek eta herri erakundeek zeregin garrantzitsua izan dute museoaren eraketan eta garapenean. Izan ere, artelan esanguratsuak erosi ez ezik, lan ugari hartu ditu dohaintzan, eta horiei guztiei esker egituratu dira bildumaren atal nagusiak eta bildumaren beraren hazkundea.