BILBO. Bilboko Udalak ohiko lore eskaintza eta Bidebarrietako liburutegian izango den hitzaldi bat antolatu ditu datorren asteartean, irailaren 29an, Unamunoren Eguna ospatzeko, bere jaiotzaren 151. urteurrena betetzen den egunean.
Lore eskaintza idazle bilbotarraren izena daraman plazan egingo da, 12:00etan, eta arratsaldean, 19:30ean, Juan Arana Cobos filosofo, Liverpooleko Unibertsitateko Ikasketa Hispaniarren Sekzioko Euskal Hizkuntza eta Kultura doktore eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketetan doktoreak "Unamuno y Oteiza contra el ángel. Claves para la estrategia estético-política" hitzaldia eskainiko du. Sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte.
Gainera, Unamunoren Egunaren ospakizunarekin bat eginez, Bilboko Udaleko Kultura Sailak eta Devenir eta Erein argitaletxeek antolatzen duten Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketako 2014ko edizioan saritutako saiakerak argitaratuko dira.
Zehazki, Jurgi Kintana bilbotarraren "Azkue bilbotar ezezaguna" eta Alberto Sucasas galiziarraren "La shoah en Lévinas: Un eco inaudible" izan ziren lan irabazleak, eta aurki egongo dira bi argitalpenak liburu dendetan salgai eta Bilboko Udal Liburutegi Sarean maileguan eskuratzeko. Lehiaketaren iazko edizioak inoiz baino lan gehiago jaso zituen: 93 gaztelaniaz eta zazpi euskaraz.