THLETICEK hasiera ona emon deutso denboraldiari. Hiru jardunaldi jokatuta, zuri-gorriek ez dabe partidurik galdu -etxetik kanpo jokatu ditu bi-, gol bakarra jaso dabe eta bost puntu lortu dabez. Datuek ez dabe zalantzarako tarterik izten. Marcelinoren taldeak indartsu ekin deutso denboraldiari. Dana dala, ikasturtea hasi baino ez da egin eta ikusteko dago taldeak erregulartasuna erakusten dauen sailkapeneko goialdean kokatzeko hasieratik amaierara arte. Garaipen bi kateatzea urrats garrantzi-tsua izango litzateke. Esan beharrik ez dago, zuri-gorriak oso serio dabilzala euren atea defenditzeko orduan. Erasora begira, baina, badaukie zer hobetu.

Partidu baten analisia egiteko orduan, azken emaitzak garrantzi handiegia eukiten dau sarritan. Athleticek irabazi egin eban Balaidosen eta pozik egon gaitekez, bai. Ganera, Celta taldeko jokalariek ez eben jaurti be egin Unai Simonen atera. Alde horretatik, Marcelinoren gizonek lan ezin hobea egin eben Balaidosen, bikaina benetan. Aurkaria kontrolpean euki eben ia partidu osoan. Erasora begira, baina, irakurketa ezbardinak egin daitekez zuri-gorrien errendimendua aztertzeko orduan. Alde batetik esan daiteke, Williams, Sancet eta enparauek eraginkortasun handia erakutsi ebela Balaidosen, bi bider jaurti ebelako aurkariaren atera eta bietan baloiak sarera-tzea lortu ebelako. Beste alde batetik esan daiteke, Athleticeko jokalariek gauza gitxi egin ebela baloia oinetan euki ebenean. Bartzelonaren aurka hainbat gol aukera sortu arren ez eben garaipena eskuratu eraginkortasun maila makala erakutsi ebelako. Celtaren aurka, ostera, hiru puntuen saria jaso eben ia aurkariaren atera jaurti barik, eraginkortasun handia erakutsi ebelako. Horrelakoa da futbola. Baina garaipena lortu izanak ez dau estali behar taldeak erasotzeko orduan erakusten dauen ezintasuna, orain arte etxetik kanpoko partiduetan bakarrik.

Marcelinok dino berak ez dauela titular berbea erabilten, ez dauelako plantilako inor gitxietsi gura. Edozelan be, liga txapelketako lehen hiru partiduek garbi itxi deuskue entrenatzaileak zalantza gitxi daukazala hamaikakoa erabakitzeko orduan. Bielsak esaten eban moduan, aldaketa ia guztiak -ezbeharren batek eragindakoak izan ezik- erdialdetik aurrerako postuetan egiten dabez entrenatzaileek. Marcelinok argi dauka Berenguer, Muniain, Williams eta Sancet hasierako hamaikakoan egon behar dirala eta ez ditu zelaitik ataraten errementauta ikusi arte. Gauza bera gertatzen da Dani Garcia eta Vencedorregaz. Hamaikakoaren errendimendua nahiko ona izan bada be, jokalari honeek ez dabe gauza handirik egin erasoteko orduan, Bartzelonaren aurkako partiduan izan ezik. Dani Garcia eta Vencedorrek lan ikaragarria egiten dabe aurkariaren erasoa geratzeko ahaleginean. Erasora begira, baina, gauza gitxi emoten deutse taldearen jokoari. Muniain be ez dabil fin liga hasiera honetan. Williams be ikutuezina da entrenatzailearentzat. Bitartean, Villalibre, Morcillo edota Zarragak jesarrita ikusten dabez partiduak eta titularrak leher eginda dagozanean baino ez ditu zelairatzen misterrak. Beranduegi gehienetan.

Ezin amaitu gaurko testua, Amorebietaren garaipena goraipatu barik. Iñigo Velez de Mendizabalen taldeak sufridu egingo dau futbol profesionalean baina urdinei irabazi gura deutsenek be gorputz eta arima imini beharko dabe bedartzan. Bestalde, emakumezkoen Athleticek liga txapelketeari ekingo deutso astegoienean eta orain arte ikusitakoaren arabera, itxaropentsu egon daitekez Iraia Iturregiren taldeak aurredenboraldi bikaina egin dau-eta...