Idatzi honi ekin aurretik azpimarratu nahiko nuke testua ez dagoela Athletic-Lisboako Sporting partidaren ondoren idatzirik, baizik aurretik, oportunismo kutsua pixka bat alboratu nahirik edo!

Hau esanda, Athleticen lehen taldearen barruan egoteari esker ateratako ondorio batzuei buruz hitz egin nahi dut gaurkoan.

Ondoriorik aipagarriena, nire ustez taldeak duen meritua da. Meritua ez soilik lehenengo mailan jarraitzeagatik, ezta Bizkaian, Euskal Herrian edota mundu mailan erreferentea izateagatik ere, baizik eta jokamolde batekin edo bestearekin goi mailako futbol profesionalean arrakasta lortzeagatik.

Zentzu honetan, egunotan Josu Urrutiari eginiko elkarrizketa batean, 35 urte ondoren Athletic berriz ere Europako txapelketa baten finalaren atarian egotearen meritua Athletic osatzen dugun guztioi dagokigula aipatzen zuen. Guztiz bat nator iritzi honekin.

Beste gauza batzuen artean, lehengo futbola eta gaurkoa asko aldatu direla azpimarratzen zuen. Horrela, gaur egunekoan, hainbat faktorek gurea bezalako ereduek arrakasta izateko zailtasun gehiago dutela ondorioztatzen zuen.

Hau da, gure odol zurigorriaren oinarrizko osagaiak diren balore edo kontzeptuak (gertutasuna, batasuna, talde lana, lehiakortasuna, hizkuntza edo lurraldetasuna) futbol modernora egokitu behar izan dira halabeharrez.

Ez da gutxiagorako, izan ere futbolaren modernizazio eta profesionalizazioak gure eredu tradizionalari traba handiak jarri dizkio: aurrekontu ezberdintasun handiak, mundu osoko futbol izarren konpetentziak, Bosman legeak, komunikabideek talde aberatsenen alde egiten dituzten politikak, etab. Hots, profesional onenek osatzen dute gaurko futbol profesionalaren oinarria, toki ezberdinetako jokalaririk onenak. Etxekoak, gertukoak, kolore bakarrarekiko amodioak, idiosinkraziak badu tokia, baina geroz eta zokoratuago dago. Halere, Athleticen ereduak bizi-bizi dirau, tradizioa modernizazioarekin egoki-tzea lortu baitu, gure harrotasuna askoren inbidia izateraino.

Denok gabiltza bultzaka, gauden tokitik eta dugun gaitasunaren arabera gure ereduari putz eginez. Jokalariak eta teknikariak eguneroko lanean eta partidetan, zuzendaritza eta langileak bulego nahiz lantokietatik, komunikabideak beraien luma, mikrofono edo kameretatik, zaletuak San Mameseko eserleku, taberna zuloetatik eta bihotzetik, babesleak eta kolaboratzaileak beraien laguntzarekin, etab.

Aldagelaren kasuan, gertutik bizi izan ditudan esperientziei esker, badago harritu nauen eta meritu handia daukan gertakari bat, hurrengo galderari erantzuten diona: nola da posible hain denbora laburrean jokamolde batetik bestera igaro eta halere arrakasta lortzea?

Honi buruzko hausnarketa sakona eginez, bi ondorioetara iritsi naiz: 1) Entrenatzailearen lidergoa. 2) Jokalarien balioa.

Lehendabizikoaren kasuan, edozein liderraren eraginkortasuna neurtzeko, besteengan eragiteko duen gaitasunari men egiten zaio. Hau da, bai Joaquin Caparrosek eta bai Marcelo Bielsak ingurukoek beraiek markatutako bidea jarraitzea lortu dute, modu gustukoagoan edo ez, baina lortu dute, beraien ideiak praktikan jartzea lortu dute alegia.

Bigarrenen kasuan, esan bezala harritzekoa da jokalariek eman duten neurria. Eta neurria diot ez soilik emaitzei so eginez (Kopa, Liga eta Europa Leaguen lortutakoak) baizik eta beste gertaera batzuei kasu eginez: entrenatzeko modu guztiz ezezaguna azkar asimilatzeko gaitasuna, baloi jabe-tzari garrantzi gutxi ematetik baloi jabetzan oinarritutako jokamoldera pasatzea, hasierako kritika eta presioa gainditu izana, gehiago jokatu edo ez jokalariek egunero erakutsitako profesionaltasuna, elkarren arteko batasuna, urte osoko partidak banan-banan eta osorik aztertzeko gaitasun autokritikoa, esparru guztietan izandako disziplina, konpromisoa eta inplikazioa, etab.

Futbolerako kalitate handia izateaz gain, ez daukat dudarik profesional apartak daudela Athleticen, gure eredu miresgarria harrotasunean bihurtzeko gai diren jokalariak, norberaren interesak eta taldearenak esku beretik eramateko gai diren pertsonak!