Itziar Ituñok, soziologian lizentziatua, aktorea eta abeslari basauritarrak, Aste Nagusiko pregoilaria izatea ohore handia dela aldarrikatu du. Bere trebetasuna erakutsi du La Casa de Papel, Goenkale edo Intimidad bezalako telesailetan egindako interpretazioetan, baita Loreak, Errementari, Todas las lunas edo Irati bezalako luzemetraietan ere. EZ3 eta INGOT taldeetako abeslaria oso eskertuta dago “konpartsekin eta Bilbo hiriarekin”. Pregoilari izateko konpromiso gogorra hartu du bederatzi egunez, eta bere entsegu-egutegia aldatu du festetako lana “ahalik eta ondoen bete ahal izateko”. Mundu guztiak Aste Nagusira bizitzan behin gutxienez etorri beharko lukeela uste du.
Zer da zuretzat Aste Nagusiko pregoilaria izatea?
Niretzat pregoilaria izatea ohore handia da. Bizitzan bizitzen diren momentu berezietako bat da. Errekonozimendua eta maitasuna jasotzea kopartsen aldetik ere bada. Eta hori asko da, zeren, azken finean, beraiek dira Aste Nagusiaren antolatzaile nagusienak eta auzalanean urte osoan zehar ibiltzen direnak. Oso eskertuta nago.
Harrituta geratu zinen?
Norberak ez du inoiz pentsatzen egunen batean proposamen mota hau jaso behar duenik. Basauriko pregoia botatzeko eskatu zidatenean ez nuen espero. Eta hau ere ez. Azken aldian ikusi dut zenbat aktore igo diren Arriagako balkoira pregoia botatzera eta oraingo honetan niri tokatzea sorpresa polit-ederra izan da.
Zer sentituko duzu Arriagako balkoian?
Ailegatuko naiz balkoira hankak dardarka, papera eskuan dardarka, ahotsa dardarka; emozio handia barruan eta esker ona eta pozez beteta. Oso ederra izango da. Gauza guztiak argi esateak kezkatzen nau, dena ondo komunikatzea, Nagore (Txupinera) eta biok bat izatea. Baina, seguruenik, ez dugu txiskerorik behar izango, zeren txupina berez joango da lau haizetara.
Pregoilariaren misioa pregoia bera baino haratago doa.
Dataren bat edo beste mugitu behar izan ditut, proba batzuk egin behar nituen, entsegu batzuk. Pregoilari lana tela da: egunero-egunero, bederatzi egunetan, ez dut esango 24 orduz, baina sekulako lan potoloa. Egutegia pasa didate eta bete-bete eginda dago. Esan didate fisikoki oso neketsua dela leku askotan izan behar direlako Txupinera eta Pregoilari figurak . Prest nago erronkari aurre egiteko. Horregatik libre utzi dut dena ahalik eta ondoen egin ahal izateko.
Gogoan al duzu Aste Nagusian egon zinen lehen aldia?
Ez dut gogoratzen, baina gurasoak askotan joaten ziren Bilbora barraketara, su artifizialak ikustera, edo bueltatxo bat ematera. Ez dakit zenbat urtegaz izan zen, baina bai gogoratzen dut, irudi garbia daukat, egun horietako batean, goizean, nola nengoen Gargantuaren aurrean, kolatxoan, erabat beldurtuta Gargantuak irentsi egin behar nauelako. Hori da nire lehen oroitzapen argiena.
Zer egiten du Itziar Ituñok Aste Nagusietan?
Nire Aste Nagusiak normalean izaten dira Arenalean. Hor pasetzen dut denbora gehiena. Baita antzerkira eta kontzertuetara joaten naiz, berdin da non, interesatzen bazait. Kultura programazioari nahiko begiratzen diot, gustoko dut euskal dantzak ikustea eta dauden gauza desberdinak. Eta triki-bertso-poteoetara ere bai, horiek asko maite ditut.
Nola azalduko zenioke kanpoko norbaiti zer den Aste Nagusia?
Begitu, abuzturo, bigarren hamabostaldian, Bilbon, hiri honetan, izaten da poztasun esplosio handi bat, estratosferatik ere ikusten dena. Bizitzaren ospakizun handi da zentzu eta maila guztietan, beraz, merezi du etortzea honaino, bizitzan behin ikusteko.
Zer hobetuko zenuke Aste Nagusian?
Galdera oso-oso zaila da, zeren ni ez nago antolakuntzan eta ez naiz inor esateko zer hobetu behar den. Hori antolatzaileek eta konpartseroek nik baino hobeto jakingo dute. Orokorrean, badago puntu bat norberak landu ahal duena eta da euskara gehiago atera behar dela paseatzera, Bilboko plazetatik eta kaleetatik, aprobetxatuz jaia dela eta pozik gaudela eta beldurrak aparte utzi ditugula. Paseatu dezagun euskara naiz eta traketsa atera. Hori aprobetxatu behar dugu Aste Nagusira bertaratzen garenok.
Festetara hurbiltzen direnei zerbait eskatzeko aukera izango bazenu, zer izango litzateke?
Garbitasuna, alde batetik, zeren hiriari eta lur honi egiten diogun kalte guztia geure buruari egiten diogulako. Orduan, saia zaitezte hiria garbi mantentzen. Ez izan zikinak, mesedez. Komunak daude, ez bota plastikoak lurrera… Beste alde batetik, bizi ditzagun jaiak era alaian eta baketsuan, errespetuz, inolako eraso matxistarik gabe emakumeon kontra. Eta erasorik izanez gero, mesedez, salatu, badaude protokoloak konpartsa guzti-guztietan. Bizitza ospatzea, horretarako daude jaiak.
Zer gustatzen zaizu gehien Aste Nagusian?
Onena da auzoetatik, Bilbo hiritik sortutako jaiak direla, gogo eta lan handiz eginak. Gaurko egunetan ez da oso ohikoa jendea horrenbeste arduratzea. Jaiak denok gura ditugu disfrutatu, baina antolatzea berba potoloa da. Eta horrek pilo bat hunkitzen nau. Sekulako jaiak dira gainera, jendeak egindako jai itzelak. Kanpotik etorritako jendea konturatzen da horretaz eta flipatu egiten dute Aste Naguasiarekin. Harrotazunez betetzen nau horrek.