Larunbata honetan Bilboko emisio gutxiko eremuak arautuko dituen araudia indarrean jarriko da. EGEaren sarrera guztietan seinale bertikalak egongo dira, DGT MOV 21/3 instrukzioaren arabera ibilgailu kutsagarri eta oso kutsagarrietarako sarbidea mugatuta dagoela adierazten dutenak.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak ekitaldi sinboliko batean parte hartu du; hain zuzen ere, seinale bertikaletako bat agerian utzi du, denen bistan jarriz, gidariei ohartarazteko emisio gutxiko eremu batean sartzera doazela.

22 seinale bertikal dira EGEra sartzeko puntuetan jarri direnak, eta lama-seinale bat Maurice Raveletik urira sartzeko arkupe batean. Gainera, emisio gutxiko eremua hurbil dagoela ohartarazteko, 39 seinale bertikal gehigarri jarriko dira eta informazio-seinale gehiago jarriko dira Artxandako tuneleko sarbidean. Seinale horiekin batera, hodeiaren sinboloa duten 30 seinale horizontal egongo dira asfaltoan margotuta, EGEra sartzeko erreietan.

Halaber, irteerako erreietako 29 puntutan ere seinaleak jarriko dira, gidariek jakin dezaten eremu mugatua amaitu dela.

Araudia bihar, ekainaren 15ean, jarriko da indarrean, baina zapatua denez, ekainaren 17an hasiko da aplikatzen; izan ere, ibilgailu oso kutsatzaileek murrizketak izango dituzte Bilboko EGEan sartzeko 07:00etatik 20:00etara lanegunetan.

Ordenantzan jasotzen den bezala, lehen hiru hilabeteetan, ez da zehapenik jarriko araudia ez betetzeagatik. Baina arau-hausleak jakinarazpen bat jasoko du etxean, egindako ez-betetzearen berri emateko, araua errespetatzeko kontzientziatzeko helburuarekin.

INFORMAZIO-KANPAINA

Ongi Etorri handi bat erakusten duen informazio- eta publizitate-kanpaina baten bidez, Bilbok ongietorria egin dio bere Emisio Gutxiko Eremu berriari. Eremu horren helburua da trafikotik datozen emisioak murriztea eta, horrela, uriko airearen kalitatea zaintzea.

Arauaren aplikazioaren xehetasunak, eraginpean izango diren kolektiboak, salbuespenak eta luzamenduak zeintzuk diren deskribatzen dira kanpainan; era berean, herritarren eskura izango dira bulego bat, webgunea eta aplikazioa. Kanpaina horretan azalpen-bideoak, infografia digitalak, informazio-liburuxkak, kartelak eta InfoBilbaoren edizio berezi bat banatuko dira, araudiaren funtzionamenduari buruzko xehetasunekin. Bai udalaren webgunean, bai araudi horretarako Erripa kalean berariaz sortutako bulegoan, informazioa eskuratu ahal izango da arauaren xehetasunei eta hura betetzeko moduari buruz, bai eta arauaren salbuespenei eta ezarritako aldi iragankorrek zer ibilgailuri eragiten dieten ere.

Gainera, ZBE Bilbao EGE izeneko aplikazioa sortu da. Bertan, izapide mota bi kudeatu ahal izango dira: hirugarren pertsonentzako gonbidapenak eta baimenak, eta sarbide puntualak justifikatzeko baimenak.