Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialdea-Urdaibai eskualderako Erakunde arteko Plan Estrategiko bat egitea onetsi du, Busturialdea-Urdaibaiko eskualdearen ongizatea eta lehiakortasun ekonomikoa hobetzen dituzten proiektu eragileak egiteko eta identifikatzeko. Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatuak, honako hau esan du: helburua da erakundeen arteko plan bat garatzea, eskualdeko garapen iraunkorrean eta bizi-kalitatean eragiten duten eremu handiak barne hartzen dituen ikuspegi integral batetik, eta, horretarako, proiektu eraldatzaileak identifikatzea eta garatzea.

Plan horrek Lehentasunezko Jarduketa Eremuetan (LJE) garatutakoen ereduari jarraituko dio, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta inguruko hogei udal hauen lankidetzarekin gauzatuko da: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika, Mundaka, Nabarniz eta Sukarrieta.

Bestalde, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak adierazi du sailak proposamenak egingo dituela eta entzun, eztabaidatu eta aztertu egingo dutela, Bizkaiko eskualde horretara bideratzen diren inbertsio-programen arrakasta ahalik eta handiena izan dadin eta programa horien onurak eskualdeko biztanle gehienengana hel daitezen.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserba

46.300 biztanle ditu, eta Busturialdea-Urdaibaik Biosferaren Erreserba hartzen du. Erreserba hori 1984an integratu zuen Unescok bere MaB programan, hau da, pertsonek ingurunearekin duten harremana hobetzeko Gizakiari eta Biosfera Programan. Gero, Urdaibaiko Biosfera-Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzko 5/1989 Legea onetsi zen, baita horren zuzenbide arautzailea ere, hura babesteko jarraibideak ezarri zituena.

Hala, Busturialdea-Urdaibai Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bereziki konprometitutako eskualdea da (horiek Nazio Batuek 2030eko Agendan onetsi zituen). Helburu horiek aukera-eremu bat dira horien inguruko ekimenak sustatzeko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua, zerbitzu onak eta bizi-kalitate handia dituen leku batean bizi nahi duten eskualdeko pertsonen itxaropenei eta eskaerei erantzuteko.

Biosferaren erreserbak baldintzatzen du eremua nola egituratuko den, eta horren azpiegiturak eta ekipamenduak, jarduera ekonomikoa, eskualdeko eta hortik kanpoko harremanak eta horien idiosinkrasia ere bai. Errealitate horrek eragina du garapen ekonomikoaren eta herritarren ongizatearen adierazleetan, eta, horretarako, azterketa partekatu bat egin behar da, erakunde publikoek jarduketa espezifikoak abian jar ditzaten, eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoak ere barne hartzen dituen lankidetza-eredu batean.

Lehentasunezko Jarduketa Eremua (LJE)

Busturialdea-Urdaibaiko erakunde arteko Plan Estrategikoak Lehentasunezko Jarduketa Eremuetarako (LJE) garatutakoen ereduari jarraituko dio, hala nola Bizkaian Enkarterrin eta Ezkerraldea-Meatzaldean egin diren bietarako. Halaber, Aiaraldeko Plana garatzen ari da, Bizkaiko lau udalerri hartzen dituena, eta laster Debabarreneko Plana, Bizkaiko bi udalerri hartzen dituena.

Plan horren abiapuntua partekatutako diagnostiko bat eta hausnarketa bat izango dira, eta proiektu zehatzen bidez analisi horretan ikusten diren beharrei erantzungo zaie. Eskualdeko herritarren ongizaterako gako diren gaiak azpimarratuko dira, hala nola, jarduera ekonomikoa, prestakuntza eta enplegua, eraldaketa-urbanoa eta berrikuntza, kultura eta turismo jasangarria, mugikortasuna eta ingurumena, eta oinarrizko azpiegiturak (hornikuntza, saneamendua, lurzoruak berreskuratzea eta abar). Jarraituko den metodologiak honako osagai hauek izango ditu: eskualdeko erronken ikuspegi partekatua, bospasei proiektu eragileren identifikazioa, inpaktu-adierazleen panela eta horiek ezartzeko eta horiek jarraipena egiteko gobernantza-eredua.

Prozesu horretan ezohiko ekimen hori egiteko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak identifikatuko dira, Lehentasunezko Jarduketa Eremuetan egin den legez. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusiei bidaliko die plana, jarraipena egin dezaten.