Aurreko edizioek izandako harrera bikaina kontuan izanda, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri ditu Foru Jauregiaz modu desberdin batean gozatzeko bisita musikatuen edizio berri bat. Aurten ondarea eta musika batuko ditu eraikin enblematiko honen 125. urteurrena ospatzeko. Azaroan, Bilboko Koral Elkartea arduratuko da ibilbideei soinu-banda jartzeaz, eta abenduan, berriz, Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS).
Bisitek ordubete irauten dute, eta beiratea, saio-aretoa, ispilu-aretoa edo harrera-aretoa bezalako espazio bereziak ezagutzeko aukera ematen dute, betiere zuzeneko musikaz lagunduta. Gaurko eta datorren larunbateko saioetan, publikoak Bilboko Koral Elkartearen emanaldiez gozatu ahal izango du, Haur Abesbatzaren, Marion Desjacques harpa jotzailearen, Marta Ubieta sopranoaren eta Koru Sinfonikoaren parte-hartzearekin. Abenduaren 13an eta 20an, BOSek hartuko ditu bisitariak.
Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Elixabete Etxanobe, gaur goizeko emanaldi batean izan da. "Guretzat oso urte garrantzitsua izan da. Urteurren honek Jauregiaren ateak zabaltzeko balio izatea nahi genuen, bizkaitarrek euren historiaren eta orainaren zati bat bezala gozatu eta senti zezaten ", eta gaineratu du "luxu bat dela hain maitatuak eta aitortuak diren musika-erakundeak izatea urteurren hau ospatzeko".
Bisita hauek Bizkaiko Foru Aldundiak urte honetan zehar Foru Jauregiaren 125 urteak ospatzeko eta bere historia eta balio arkitektonikoa herritarrengana hurbiltzeko bultzatutako jarduera programaren parte dira.