Bizkaiko Foru Aldundiak 2024rako "Bitarteko Eragileak" dirulaguntzen programaren deialdia onartu du Gobernu Kontseiluan. Programa hau Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak kudeatzen du, eta Bizkaiko enpresa-elkarteen eta kluster sektorialen sareko enpresek mobilizatzeko duten gaitasun handia baliatzen du lurraldearentzat estrategikotzat jotzen diren erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiten dieten ekimenak bultzatzeko. 650.000 euroko aurrekontua du eta proposamenak aurkezteko epea martxoaren 11tik apirilaren 5era egongo da zabalik.

Programa honen xede nagusia bitarteko eragile horiei elkartutako enpresa txiki eta ertainei mesede egingo dieten proiektuak abian jartzen laguntzea da, horretarako besteak beste enpresa-lankidetza, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra, ekoizpena Bizkaian birkokatzea, lurraldean errotzea, digitalizazioa sustatzea edo berrikuntza irekia bezalako erronkei helduz. Aurten, berrikuntza moduan, nazioartekotzea bultzatzen da, merkatu berriei elkarrekin ekitea erabakitzen duten enpresen nazioarteko partzuergoak osatzeko zuzeneko laguntza ekonomikoak eskainiz.

Ildo horretatik diruz lagundu daitezkeen ekintzen artean daude, besteak beste, prospekzio- eta merkataritza-misioak, bezero potentzialei bisitak egitea, azoketan eta merkataritza-lehiaketetan bilerak egitea, produktu-erakustaldiak egitea eta laguntzaileak eta banatzaileak bilatzea eta hautatzea. Halaber laguntza horien barruan sar daitezke parte hartzen duten enpresentzako analisi-, laguntza- eta trebakuntza-jarduerak.

Itzuli beharrik gabeko laguntza ekonomiko hauek jasoko dituzten ekimenak bitarteko eragileekin elkartutako enpresek garatu beharko dituzte zuzenean, eta gutxienez horietako bost enpresa inplikatu beharko dituzte. Proiektuei dagokienez gehienez 50.000 eurora arteko dirulaguntzak emango dira eta erakunde bakoitzeko 80.000 euroko gehieneko zenbatekoa ezarri da.

Enpresa batzuek ikusten dute ez daudela prestatuta horrelako proiektuak bakarka egiteko eta, horregatik, Ekonomia Sustatzeko Sailak laguntza hau ematen du enpresa horiengandik hurbilen dauden eragileek lagun diezaieten eta lehen urrats hau ematen lagun diezaieten antzeko kezkak dituzten enpresek parte hartzen duten ekimenak garatuz.