Getxok jada lau izapidetze-makina ditu Udalarekin tramiteak egiteko. Algortako eta Areetako HAB-Herritarren Arretarako Bulegoetan lehendik zeuden biei gehitu zaizkie beste bi, bata Udaletxean bertan eta bestea Andra Mari kiroldegian. Makina horien funtzionamendu-sistema Udaleko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak-IKTen Unitateak garatu du, eta, horri esker, hainbat izapide egin daitezke, modu erraz eta intuitiboan, besteak beste: errolda-agiriak eta -ziurtagiriak lortu (banakakoak, familiakoak-kolektiboak, historikoak), udal-ordainagiriak ordaindu “Ordainketa-gutun” bidez, edo eskaerak eta komunikazioak aurkeztu Udaleko Erregistro Orokorrean.

Autoizapidetze-makina horiek (Kiosko Birtualak ere esaten zaie) erabiltzeko ordutegia 08:00etatik 14:00etara da, Algortako (Torrene kalea) eta Areetako (Las Mercedes kalea) HABetan eta Udaletxean (Foruak kalea). Andra Mari kiroldegiko ordutegia 08:30etik 21:30era da.

Zaloa Campillo Herritarren Arretarako zinegotziak adierazi duen bezala, “baliabide honen helburua da herritarrei administrazio-izapide ohikoenak egitea erraztea, eta honako hauekin bat egiten du: Algortako eta Areetako HABetan eskaintzen den aurrez aurreko arretarekin, Call Centerren bidez telefonoz ematen denarekin (010 edo 94 466 00 00, Getxotik kanpo deitzen bada) eta Administrazio Elektronikoko Bulegoaren (OAE) telematikarekin. Gainera, Algortako eta Areetako HABetan bi makina jarri ditugu aldez aurreko hitzordurik gabe joaten direnen itxarote-txandak kudeatzeko. Horri esker, ahalik eta modu bidezkoenean eta ekitatiboenean atenditu ditzakegu pertsonak, presentzia- eta lehentasun-irizpideekin, horrela itxaronaldiaren egonezina saihestuz eta artatutako pertsonen gogobetetze-maila handituz”.

Herritarrak erosoago egon daitezen, eta baldintza ez izan arren, Udalak aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen du, nahi ez diren itxaronaldiak saihesteko eta eskatutako ordu eta egunean kudeaketak egitean emaitza egokiagoa lortzeko. “Aldez aurreko hitzordua hobetu dugu. Ez dugu itxarote-zerrendarik eta hitzordua eskatzen den egun berean lor daiteke”, gaineratu du Campillok.