Gerta daitekeenaren beldurrik gabe eta kaosean murgiltzeko prest, Amaiur Azkarate (27 urte), Olga Costa (26 urte), Oier De Pedro (25 urte), Imanol Rubio (30 urte) eta Julen Lasa (21 urte) musikari gazteek amets berrien aldeko apustuari eusten diote. “Hasiera berri baten aurrean gaude, etapa polit bat atzean utzi dugu eta gogotsu eta ilusioz gaude etorkizuneko erronken zain”, aurreratu dute Nahiez talde durangarraren sortzaileek.

Hain zuzen ere, joan den urtarrilaren 27an, musikari gazteek lehen kontzertua eman zuten Zornotza MusikaGaz Fest jaialdian eta berriz ere zuzenekoarekin gozatu zuten. Bigarren edizioan hamabi taldek hartu zuten parte eta aukera bikaina izan zen talentu musikal berrientzako erakusleiho gisa. “Oso pozik gaude jaialdian jaso izan dugun feedback-arekin, eta gogo handia dugu kontzertu gehiago emateko eta abesti berriak grabatzeko. Orain arte gure gertuko jendeak ez zituen gure abesti berriak entzun eta asko gustatu zaie. Proiektu ezberdina da, Insömniarekin zerikusirik ez duena; ez hobea ez txarragoa, ezberdina”, gogoratu du Amaiur Azkarate taldeko konpositore eta abeslariak.

Izan ere, Nahiez talde berriaren atzean Durangaldeko aurpegi ezagunak daude. Amaiur Azkarate, Oier De Pedro eta Olga Costa, hiru urtez Insömnia taldearen parte izan dira. Pandemia garaian sortu zen talde durangarra, eta Itzuliko gara balada sentikorrarekin egin ziren ezagun, osasun-krisian galdu genuen normaltasuna berreskuratzeko itxaropen-mezu argia zuen abesti hunkigarriarekin. Lo Eza eta Barne Mundua diskoak kaleratu zituen eta EP bat argitaratu zuten kolaborazio ezberdinekin.

“Orain ibilbide berri bati ekin nahi izan diogu. Insömniarekin taldekideak puntu ezberdinetan geunden, nik abestiak sortzen eta grabatzen jarraitu nahi nuen, eta Olga (teklatu-jotzailea) eta Oier (bateria) nirekin etorri ziren”, azaldu du Amaiurrek. Handik gutxira, Imanol Rubio gitarristak eta Julen Lasa baxu-jotzaileak (Amaiurren lehengusua) bat egin zuten proiektuarekin. “Hasieran izenbakuak ginen, ez genekien ezta nola deitu ere. Azkenean Nahiez aukeratu genuen eta proiektuarekin sentsazio oso onak ditugu”, gehitu dute barre artean.

‘’Hasiera berriak’

Musika-kultura indartzeko helburuarekin, proiektu musikal berri hau garatzeko lanean jarraitzen dute. “Estilo ezberdinetako abestiak ditugu; jazz, rock, pop abestiak... euskarazko eta gaztelaniazko letrak, cover zaharrak... Aste Santurako lehen EP-a izateko helburua dugu. Oraingoz astean behin elkartzen saiatzen gara, baina bakoitzak bere egunerokoa du, adibidez Imanol Londresen bizi da eta ez da erraza izaten ari, baina gogotsu gaude eta arrakasta handiagoa izatea espero dugu”, onartu dute.

Eta nola ez, lan berri horrek Hasiera berriak izena izango du eta lehen singlea Kaosa besakartzen izango da. Letrak dioen bezala: “Amesten, bizi izan ditut urteak; ta bidean galtzen banaiz, kaosa besarkatuko dut, berriz bidea aurkiturik”. Gauzak horrela, boskote honek musikaren bidean jarraituko du maite dutena egiten eta bere lan berria munduari aurkezten.

Horretarako, hainbat data itxita dituzte. Maiatzean Tolosako Bonberenean kontzertua eskainiko dute, ekainean Orexako jaietan arituko dira eta Durangokoetan ere euren lana aurkezteko gogoa dute. “Aurten Durangoko Azokan egoteko itxaropena ere badugu, eta dauden ate guztiak jotzeko prest gaude”, aurreratu dute musikari eta sortzaileek.

Ordura arte, sare sozialen bidez ezagutu eta jarraitu ahal izango dira Nahiez talde berriaren nondik norakoak.