Bizkaiak eta Bilbok haien baliabiderik erakargarrienak batera sustatuko dituzte asteazken honetatik igandera arte Madrilek hartuko duen FITUR nazioarteko turismo-azokan. 2024. urteari begira, naturako turismoa eta hiriko ekitaldiak protagonista nagusiak izango dira topagune horretan aurkeztuko den eskaintzan. Parke naturalek, paisaiek eta maiatzean San Mamesen jokatuko den emakumezkoen UEFA Champions League-aren finalak garrantzi handia izango dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak iragarriko duten produktu-sortan.

Astezakenean, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Turismoko foru-diputatu Sonia Pérez, Bizkaiko Turismoko zuzendari Leire Sáez eta Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotzi Xabier Ochandiano eta bere taldea FITUR-en inaugurazioan izango dira, Bilbao Bizkaia turismo helmugaren berriak eta alderdi erakargarrienak in situ aurkezteko.

2030erako Turismo Estrategiaren barruan, Bizkaiko barnealdeari zuzenean lotutako turismo-produktu bi daude. "Parke naturalak" eta "Natura eta paisaiak" produktuak Bizkaiko barrualdea osatzen duten turismo-kudeaketako erakunde guztien arteko kontzeptualizazio, egituraketa eta formulazio estrategiko baten emaitza dira. Helburua da barne-turismoa sendotzea eta, horretarako, turismoaren sektoreko eragile publiko eta pribatuen artean eskaintza lehiakorra sortzea, jasangarritasunaren aldeko apustua eginez (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa).

Naturagune babestuak, gailurrak eta ekoturismoa biltzen dituen katalogo bat aurkeztuko da FITUR-en. Gorbeia, Urkiola eta Armañon arduraz gozatzeko gonbidapena egingo da. Bestalde, ekitera animatzen ditu turistak: begiratokiak deskubritzera, mendi-ibilbideak egitera, bide berdeak eta Donejakue bidea ezagutzera… Baina lasaitzeko aukera ere zabaltzen die: herri eta paisaia ederrak gozatzeko aukera, eta osasun- eta ongizate-jardueretan parte hartzekoa.

Era berean, Bizkaia osoa, kostaldea, barnealdea zein metropolia, bizikletaz ezagutzeko 16 ibilbidez osatutako katalogo bat ere aurkeztu da. Merkatu-nitxoak ere apustu estrategikoa dira Bilbao Bizkaia markarako; hala, eskaintza hau helburu jakin batekin destinoak bilatzen dituzten pertsonei bereziki zuzendutako produktu bat da.

Ibilbide horien barruan, nahitaez bisitatu beharreko baliabide turistiko guztiak nabarmentzen dira, eta zerbitzu osagarriei buruzko informazioa ere jasotzen da, bizikletarekin ezustekoren bat gertatuko balitz ere.

Bilbao Bizkaiak kultura-ekitaldiak hartzeko eta haietaz gozatzeko helmuga gisa ere aurkeztu nahi du bere burua. Hala, Xabier Ochandiano zinegotziak askotariko eskaintzen katalogo zabal bat aurkeztuko du FITUR-en. Eskaintza horiek ekitaldiei lotutako baliabide turistikoei balioa ematen diete, eta esperientzia turistiko globala ematen dute, nazioartean proposamen erakargarri eta lehiakorra eginez.

2024rako erakargarri nagusien artean, UEFA Women's Champions League-ren finala da azpimarratzekoa. San Mamesen jokatuko da, maiatzaren 25ean; final historiko bat izango da, Europako emakumezkoen futbol-ekitaldi garrantzitsuena. Lehen lerroko nazioarteko ekitaldi horrek, gainera, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren balio ukaezina berretsiko du, tradizioa eta modernitatea batzen diren ingurune batean, kirol-eta jai-giroan.

Musika, zinema eta museoak

Gainera, Bilbao Bizkaiak zenbait proposamen ezagun ditu, eta, haien artean, azpimarratzekoak dira Bizkaiko hiriburuan egiten diren musika-jaialdiak, hala nola Bilbao BBK Live, Bilbao Blues Festival, BBK Bilbao Music Legends Fest eta BIME 2024.

Horiei gehitu behar zaizkie nazioarteko zinemako eskaintza, ZINEBI - Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren eskutik, zeinak 66. edizioa izango baitu aurten, FANT fantasiazko zinemaren programa eta Zinegoak LGTBIQ+ zinemako eta arte eszenikoetako jaialdia.

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoa eta Arte Ederren Museoa protagonista nagusitzat dituzten erakusketa artistikoak daude, baita bisitariak beste inon topatuko ez dituen erakargarri turistiko eta herriko jai ugariak ere.