Ikasturte berriarekin batera, Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak bere programazioari ekingo dio irailaren 13an,. Kasu honetan Ramiro Pinilla bilbotar egilearen jaiotzaren mendeurrena ospatuz egingo da hasiera hori. Zentzu honetan, liburutegiko Areto Nagusian, 19:00etan, egileari buruzko dokumental bat proiektatuko da, eta 19:45ean, Juan Cerezo Tusquets argitaletxeko zuzendariak, Jon Bilbao idazleak eta Begoña Pinilla Ramiro Pinillaren alabak El hombre de la guerra, hil osteko eleberria aurkeztuko dute.

Ramiro Pinilla idazlea Bilbon jaio zen 1923ko irailaren 13an eta 2014ko hil zen 91 urte zituela. "Pinilla gaztelaniazko euskal narratibaren korronte berritzailearen erreferentea izan zen: bi aldiz irabazi zuen Euskadi Saria ("La tierra convulsa", 2004, eta "Aquella edad inolvidable", 2012), eta Narratibako Sari Nazionala ("Las cenizas del hierro", 2005) eta Nadal Saria ("Las ciegas hormigas", 1960) ere irabazi zituen", azaldu dute Udaletik. 2012an Eusko Jaurlaritzak ematen duen Lan Onari saria ere eman zioten, Ramon Saizarbitoriarekin batera.

Ramiro Pinillak esan ohi zuen idazten zuenarekin arrastoren bat utzi nahi zuela. "Ramiro Pinillaren ibilbide literarioa XX. mendeko 50eko hamarkadaren amaieran hasi bazen ere, XXI. mendeko lehen hamarkadaren erdialdera arte ez zuen bere ibilbide profesionala bultzatu, 80 urterekin, bere bizitzako lan handia argitaratuz: "Verdes valles, colinas rojas" izenburuko trilogia". Pinillak 18 urte eman zituen La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro lanek osatutako obra hau idazten, "bere lurraren bidez munduaz zuen ikuspegia islatuz".

Hitzordu honetarako sarrera doakoa da eta sarrera librea izango da lekua bete arte. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.