Astelehen honetan goizean, urriak 18, Lasesarre inguruan legez kanpo okupatuta zegoen lonja bat hustu egin du Barakaldoko Udaltzaingoak. Jarduketa jabetzak okupazioa auzitegietan salatu ostean egin da. Barakaldoko Udalaren Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotzi Ángel Madrazok jarduketaren nondik norako guztiak azaldu ditu.

Udaltzainek lokalean zeuden pertsonak kanporatu dituzte. Pertsona horiek modu baketsuan atera dira lokaletik. Behin eraikina hustu ondorik, lonjaren jabeak, Udaltzaingoak aholkatuta, ekintza bandalikoen aurkako segurtasun ate bat instalatu du.

"Herritarren Segurtasunerako Sailak hilabete batzuk lehenago egin zituen gestioak lokalaren jabearekin, egoeraren eta hartu beharreko neurrien berri emanez. Lan horren ondorioz, pertsona horrek salaketa jarri zuen eta, epailearen ebazpenaren ondoren, lokala hustu egin ahal izan da", azaldu du Madrazok.

Auzotarrek lonja horri buruzko hainbat kexa egin dituzte, bertan egoten diren pertsonen jokabideagatik. Asteburu honetan, hain zuzen ere, Udaltzaingoak bi aldiz atxilotu ditu lokala erabiltzen zuten bi gizonezko, gizon bati eta bikote bati eraso egiteagatik, haiei telefono mugikorra lapurtzen saiatzeagatik.

"Ezin dugu onartu abandonatuta edo hutsik dauden lonjak legez kanpo okupatzea, are gutxiago gizalegearen aurkako ekintzak edo delituak egiteko erabiltzea", ohartarazi du Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak.

BESTE ATXILOKETA BATZUK

Beste alde batetik, Udaltzaingoak emakume bat atxilotu zuen larunbatetik iganderako goizaldean, bi udaltzaini eraso egiteagatik; eraso hori beharrizan fisiologikoak kalean egiten harrapatu ostean gertatu zen, neskalagun batekin zegoelarik. Poliziek jakinarazi zioten kaleen garbitasunari buruzko udal ordenantzaren arau-hauste bat egiten ari zela, baina atxilotuak, identitate faltsua emateaz gain, eraso egin zien udaltzainei eta zauriak eragin zizkien aurpegian, osasun-zentro batean artatu behar izan zituztenak. Emakumeari agintaritzaren aurkako atentatua egotzi diote.

Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak jakinarazi duenez, gau horretan bertan gizon bat atxilotu zuten mozkortuta gidatzeagatik. Behar ez ziren maniobrak egiten eta aparkatzen zebilelarik auto bat kolpatzen ari zela aurkitu zuten gizona. Horren ondorioz, alkoholemia-proba egin zioten, eta 0,99 mg/l-ko emaitza eman zuen, baimendutako tasa ia laukoiztuz eta bide-segurtasunaren aurkako delitu bat eginez.