Ez da asteburu erraza izan Getxoko Tokiko Poliziarentzat. Udaltzaingoak baimenik gabeko bi jai desegin behar izan ditu larunbatean goizaldean Azkorriko landa-ingurunean.

Ostiraletik larunbaterako goizaldean, udaltzainek potentzia handiko musika-ekipo batekin festa bat egiteko elkartu ziren ehun pertsona baino gehiago aterarazi zituzten. Haietako bi inolako baimenik ez zuen ekitaldiaren antolaketaren arduradun gisa identifikatu zituzten. Biei zehapen-espediente batzuk ireki zaizkie: joko eta ikuskizunen legea, herritarren segurtasunaren legea eta egungo osasun-araudia hausteagatik.

Jarduketa berean, beste bost pertsona salatu zituzten, Lehendakariak osasun-neurriei buruz emandako dekretua urratzeagatik.

Hurrengo egunean, larunbatetik iganderako goizaldean, beste polizia-operazio batek desegin zuen beste elkarretaratze bat Azkorriko aparkalekuaren inguruan. Bertan jendetza bildu zen -400 pertsona inguru-, eta sare sozialen bidez egin zuten hitzordua. Topaketa horretan, festa antolatzeko erabiliko zen bafle handi bat ere konfiskatu zuten, prebentzioz.

Polizia-jarduerak hainbat ordu iraun zuen, eta horretan zehar bost pertsona salatu zituzten baimendutakoa baino alkoholemia tasa handiagoarekin gidatzeagatik. Hamaika pertsona bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik espedientatu zituzten, eta beste bi Herritarren Segurtasunerako Legea urratzeagatik. Era berean, 25 trafiko-salaketa izapidetu ziren bidegabeko aparkalekuengatik eta IAT iraungita egoteagatik.

Udaltzainak bertaratzen ari zirela ikusita, Azkorri ingurura hurbiltzen ari ziren pertsona askok alde egitea erabaki zuten.

Halaber, asteburuan zehar, Udaltzaingoak 48 zigor proposamen egin ditu osasun araudia ez betetzeagatik.

Udalak banakako eta taldeko erantzukizunez jokatzeko beharra azpimarratu du, eta ezarritako oinarrizko babes-neurri sanitarioak betetzeko beharra gogorarazi du.