Eugenia Marínek zuzendutako ikerketa batek akatsak egitea kaltegarria izan ez ezik ikaskuntza hobetu dezakeela baieztatu du. “Ikerketak erakutsi du ikasten den bitartean akatsak egitea estrategia sendoa eta eraginkorra dela. Aztertu dugu nola jakintza berriak eskuratzeko garaian probak egiteak (ikasketa-prozesuan akatsak egitea onartuz eta are sustatuz) emaitza hobeak ematen dituela ikasi beharreko gaiak behin eta berriz irakurtzeak baino” adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikaskuntza eta Kognizioa taldeko ikertzaileak.
Ondorio hori hainbat esperimentu egin ostean atera dute. Esperimentu horien helburua zen aztertzea zer eragin duen ikasketa-prozesuan zehar probak une batean edo bestean egiteak. Ildo horretatik, EHUren ikerketaren xedea zen zehaztea akatsak ikasketa-prozesuko zer unetan eginez gero hobetzen den buruz ikasteko gaitasuna. Parte-hartzaileek elkarren artean harreman semantiko ahula zuten 108 hitz pare ikasi behar zituzten buruz (adibidez, foka-pilota). “Ikusi nahi genuen zer komeni den gehiago, azterketak edukia ikasi ondoren egitea (post-test delakoa) edo ikasi aurretik egitea (pre-test), lotura duten aurretiazko ezagutzak eta espektatibak aktibatuz, edukia ezagutu ez arren eta horrek akatsak egitea ekarri arren”, azaldu du Marinek.
Ikerketaren emaitzak
Emaitzek erakutsi dute proben ordena ez dela faktore erabakigarria: “Pre-test edo post-test direlakoak egin zituzten pertsonek antzeko emaitzak lortu zituzten, eta, bi kasuetan, probarik egin ez zuen taldeko parte-hartzaileek baino emaitza hobeak izan zituzten”, erantsi du. Hala, ikerketak erakutsi du ikasteko estrategia gisa pre-testa edo post-testa erabili zutenek erantzun gehiago asmatu zituztela amaierako azterketan, ikasketa-fasean bikote lexikoak irakurtzera mugatu zirenek baino.
Beraz, EHUren lanaren aurkikuntzek baieztatu dute akatsetatik ikastea estrategia sendoa eta orokorgarria dela, eta hori egiteko hainbat modu eraginkor adierazi dituzte. “Ikasgelan, eduki bat azaldu ondoren proba bat egin daiteke, ikasitakoa finkatzeko, edo eskolaren hasieran oraindik landu ez den gai bati buruzko galdetegi bat planteatu. Are gehiago, beste ikerketa batean egiaztatu dugunez, pre-testa eskola baten amaieran egin eta feedbacka beste saio batean emanda ere, bi egun geroago, estrategia eraginkorra izaten jarraitzen du”, azaldu du Marinek.
Era berean, ikertzaileak azpimarratu du ez direla soilik irakasleek aplika ditzaketen metodoak, eta ikasleak animatu ditu probak beren kasa egitera: “Adibidez, ikasgai berri batekin hasi aurretik ikasleak begira dezake zer gai landuko duten aurki, eta bere buruari galdetu horri buruz zer dakien. Era berean, irakasgaia landu ondoren nork bere buruari azterketa egin diezaioke, prestakuntzaren zati gisa”.
Akatsak eginez ikasteko estrategiak gutxiesteko joera
EHUko ikerketak, bestalde, ikastunek ikasteko estrategiei buruz duten pertzepzioa ere jasotzen du. Esperimentuak amaitu aurretik, parte-hartzaileei galdetu zieten haien ustez zer zen onuragarriagoa, egindako akatsetatik ikastea edo erantzun zuzenak bakarrik ikastea, eta gehienek akatsik egin gabe ikastearen alde egin zuten. Hau da, informazioa berrirakurtzea bezalako metodoen alde.
“Oro har, gutxietsi egiten da ikasteko fasean probak sartzearen eta akatsak egitearen potentziala. Horren arrazoia da zerbait berriz ikasten edo berriz irakurtzen dugunean aisetasun-sentsazioa dugula, informazio guztia gure buruan eskuragarri daukagun eta ikasi egin dugun sentsazioa. Aldiz, proba bat egitea eta irakurritakoa ahaztu zaigula egiaztatzea ez zaigu gustatzen, agerian uzten baitu badirela oraindik ondo ikasi ez ditugun gauza batzuk. Horregatik, epe luzera oroitzerakoan emaitza onenak ahalegin handiena eskatzen diguten ikaskuntza-estrategiek ematen dizkiguten arren, metakognitiboki, uste dugu ez direla hain eraginkorrak”, argitu du Marin doktoreak.
Ikerketaren egileak azpimarratu du epe luzerako ikaskuntzarik onenak ahalegina eskatzen duela: “Berrirakurtzen edo azpimarratzen dugunean erosoago sentitzen bagara ere, ahalegin handiena egitera behartzen gaituzten metodoak dira epe luzera arrasto esanguratsua uzten dutenak; adibidez, gogoratzen saiatzen garenean eta geure akatsei aurre egin behar diegunean. Akatsa ezagutzaren motorretako bat da, eta garrantzitsua da hura normalizatzea ikaskuntza-prozesuan”.