Carlos Uriarte getxotarra Matematiketan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, duela gutxi, 2024ko doktorego tesi onenaren hiru sari eman dizkiote zientziaren arloko hiru erakunde handik: Zientzia Aplikatuen Metodo Konputazionalean Europako Elkarteak (ECCOMAS), Matematika Aplikatuen Espainiako Elkarteak (SEMA) eta Ingeniaritzako Zenbakizko Metodoen Espainiako Elkarteak (SEMNI). Ez da ohikoa hiru elkarte horiek lan bera saritzea, eta, beraz, horrek erakusten digu zer-nolako aitorpena daukan EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika eta Estatistika doktorego programak.
Carlos Uriartek 2024ko otsailean defendatu zuen Solving partial differential equations using artificial neural networks / Deribatu partzialetako ekuazioen ebazpena neurona-sare artifizialen bidez izenburupean egindako doktorego tesia, eta saria eman diote ekarpen aitzindaria egin duelako, uztartu egin baititu deribatu partzialetako ekuazioak —oinarrizkoak dira naturako eta ingeniaritzako hainbat fenomeno deskribatzeko, hala nola, airearen fluxua, beroaren hedapena edo materialen portaera— eta neurona sare artifizialak —adimen artifizialeko ohiko tresna—.
Aldi batean etengabe lanean aritu ondoren, lehenengo aitorpenak heldu ziren, eta Uriarte erabat harritu zen: "Poz ikaragarria sentitu nuen eta, batez ere, harridura handia. Ez nuen inondik inora espero. Albisteak banan-banan iritsi zitzaizkidan, eta, beraz, aitorpen bakoitzak zirraraz eta pozez betetzen gintuen", aitortu du Carlos Uriartek,"Martxoan lehen saria jakinarazi zidatenean, lorpen handitzat jo nuen. Gero, aitorpenak Europa mailara heltzea erabat ustekabekoa izan zen", adierazi digu Uriartek.
Hurrengo helmuga: Australia
Egun, BCAM-Basque Center for Applied Mathematics-en ari da doktorego ondorengo ikertzaile lanetan, Eusko Jaurlaritzaren Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako doktoretza-ondoko Programaren babespean. “Nire lanaren helburua da aztertzea zelan lagun gaitzaketen neurona sareek problema hauek eraginkorrago ebazten. Horretarako, teknika berriak proposatzen ditut inteligentzia artifiziala matematikako kontzeptu klasikoekin uztartuz, problema bakoitzaren ezaugarrietara hobeto egokitzea lotzeko” azaldu digu Uriartek. Gainera, ekarpen horiek aplikazio praktikoak dituzte, adibidez: ingeniaritzan simulatzaile zehatzagoak lortzeko edo fenomeno fisiko konplexuak aurreikusteko.
Programa horren barruan bi urtez arituko da nazioarteko ikerketa proiektu batean eta bat egingo du Australiako ikertalde batekin, hain zuzen ere, Pertheko (Australia) Curtin Unibertsitateko Zientzia eta Ingeniaritza Fakultateko Elektronika, Konputazioa eta Matematika Zientzien Eskolan. Carlos Uriarteren proiektuaren helburua da adimen artifizialaren arloko bere proposamenak meatzaritzan ezartzea lurrazpiko mapak egiteko. “Tesiko ildo berari eutsiko diot, baina, oraingoan, aplikazio eremuari begira. Era berean, lankidetza sareak zabaldu nahi ditut eta ideia teorikoak benetako aplikaziora eraman”, adierazi digu Uriartek.