Adeco Elkarteak pertsonen garapenaren alde lan egiten du eta 1991tik lanean ari dira. Haien hitzetan, lan egiten dute “justizia pertsona guztientzat errealitate izango den mundu bat lortzeko, haien jaioterria, arraza, sinesmena edo sexua edozein izanda ere”.
Lehen lerroan, Izaskun Inunciaga, Garapenerako Hezkuntzako teknikaria eta Mila Dominguez Vázquez, ADECO Euskadiko eta Errioxako koordinatzailea daude.
Zaletasunen bidez, arrazakeriaren kontra
ADECO Peruko proiektuekin hasi zen, eta, ondoren, lankidetza-lanak eta -programak egin zituen beste herrialde batzuetan: El Salvador, Kuba, Dominikar Errepublika, Kolonbia, Honduras, Angola… Era berean, hogeita bost urte hauetan, ADECO elkarteak gizartea eraldatzeko sentsibilizazio- eta hezkuntza-proiektuak garatu ditu Euskadi herri eta gizarte- eta hezkuntza-zentroetan.
Hainbat proiektutan lan egiten dute aldi berean, eta aurtengo Gabonetan, zurrumurruen aurkako kakorratz-lan talde bat izan da deigarriena.
Hirugarren adineko emakumeek osatzen dute taldea nagusiki, eta antolatzaileek dioten bezala, tailerra elkarlanean sortu zen: “Caritas-ek haien zurrumurruen aurkako lantaldeak aurkeztu zizkigun, eta gure arreta deitu zuen dinamika horrek. Hortik aurrera, kakorratz-lantaldea sortu genuen”. Kakorratz-lantaldea, noski, ez da talde arrunt bat: “Aitzakia ehuntzea da, eta helburua gizartean pertsona migratzaileen aurka zabaltzen diren zurrumurruei aurre egitea da“.
Zurrumurruei aurre eginez
ADECO-tik argi zeukaten zein izango zen helburua: “Migratzaileen egoera da gure lanaren oinarria, zeri egin behar dioten aurre hona heltzen direnean, eta nola lagundu ahal zaie haien integrazio prozesuan”. Hala ere, nahiz eta nola lagundu irizpide bat izan, bereziki haien prozesua ez oztopatzearen alde lan egiten dute: “Immigrazio-prozesu baten ondoren integratzeko unea oso gogorra da berez”.
Hilabetero dokumentu bat irakurtzen dute, non hainbat egoera eta testigantza ezberdin biltzen diren, eta batzuetan, pertsona migratuak taldera batzen dira haien esperientzia kontatzeko. Gainera, migratzaileek ere aprobetxatzen dute haien tailerraren aitzakia, eta ehuntzeko teknika ezberdinak erakusten dituzte ere. “Momentuz, gai bat ere ez da izan arazoa, eta gai guztiak landu ahal izan ditugu”, diote bi antolatzaileek.
Gaia zailagoa denean, edo gutxienez, eztabaidagarriagoa, edota polemikoagoa, testigantza zuzenak erabili izan dituzte: “Behin, mutil gazteez osatutako talde bat etorri zen eta haiek tearekin aurrera eramaten zuten erritual osoa erakutsi ziguten”. Haiek ezagutzea eta entzutea haien migrazio prozesuaren zergatiak “tabu asko kendu zituen eta prozesua arindu zuen”.
Tailerretik, beharrak asetzera
Behar zehatz bat antzeman zuten Inunciagak eta Dominguezek hasieratik: “Maila sozialean, migratu behar izan duten pertsonen beharrak, batez ere, harrerakoak eta gizartean sartuak sentitzekoak dira”.
Maila materialean, ere beharrak asetzea lortu dute ere. San Inazio eta Deustu auzoak dira haien eragite-esparru nagusia, eta zonaldean identifikatutako beharren artean, ehuntzearen bidez ere laguntzea lortu dute: “Adin txikikoen etxebizitzetarako mantak eskatu dizkigute, emakume-etxe bat koloretako piezez apaindu ditugu, poza behar zuten txikitxoentzat… Txanoak, bufandak eta eskularruak ere egin ditugu etxerik gabeko pertsonentzat”.
Proiektuaren etorkizunaz
ADECOk publiko zabala du, eta ez da hirugarren adinera bakarrik zuzentzen, baina proiektu honetan elkartearen ohiko boluntarioek parte hartu dute eta oso ondo funtzionatzen ari da. Antolatzaileek adierazi duten bezala, Gabonetako zuhaitz bat ehuntzea proiektuaren hasierako ideiaren jarraipena da.
Aurreko urteetan liburuentzako zorroak sortu zituzten bezala, aurten Gabonetako zuhaitz bat sortu dute, eta Deustuko San Felicisimo enparantzan kokatu dute. Haien hitzetan, talde hau ezagutarazteko modu bat izan da, eta ehuntzearen aitzakia hartuta, lau haizeetara zabaldu dute arrazakeriaren kontra ari direla.
Integrazio jarduera berezi honi jarraikortasuna eman nahi diote, eta migrazio gaiaren barruan, hitz egin beharrekoak askotarikoak direnez, denbora luzez aktibo mantentzea espero dute. Taldera jende berria gehituz, informazio elkartrukatzea ere espero dute, eta taldekideen artean gaiari buruzko lanketan sakontzea.
Boluntarioak eroso daude, eta beren zaletasunaren bidez, gizarte-gaurkotasunarekin lotzeko modu bat aurkitu dute, eta, nola ez, gizarte migratzailearen inguruko estigmak hausteko modu bat. ADECOK lortu du hirugarren adinekoek migrazioaren nondik norakoak goitik behera ezagutzea, eta lehen eskutik.