106 plaza eskainiko ditu Donostiako Lan Eskaintza Publikoak
Txanda irekiko 101 plaza eta barne sustapeneko beste 5 izango ditu Donostiako Udalak enplegua egonkortzeko eta erakundearen behin-behinekotasuna murrizteko helburuarekin martxan jarriko duen Lan Eskaintza Publikoak. Eskatzen diren titulazioak eta hizkuntza eskakizunak lanpostuaren berezitasunaren arabera aldatuko dira.
Eskainitako plaza guztien % 7, hau da, 7 plaza, desgaitasuna duten pertsonek betetzeko gorde dira, eta horietako bi ( % 2) adimen desgaitasuna egiaztatzen duten pertsonek betetzeko. Une honetan, bi lanpostu betetzeko deialdia irekita dago, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat.
106 plazak eskuratzeko prozesuak deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira, eta izena emateak Udalaren webguneko enplegu atarian eta udaletxean bertan egin ahal izango dira.
Une honetan, Udalak 30 prozesu baino gehiago ditu martxan, horietatik 22 egonkortzekoak. Gainera, zabalik dago A2 azpitaldea egonkortzeko hainbat prozesutarako eskabideak aurkezteko epea. Prozesu horietarako izen emateak web orriaren bidez egin daitezke, 2023ko ekainaren 28ra arte.
2024. urtea amaitu aurretik, Udalak hainbat kategoriatako 59 egonkortze prozesu egiteko erronka du; guztira, 207 lanpostu egonkortuko dira.
Garrantzitsua da nabarmentzea hautaketa prozesua gainditu arren plazarik lortzen ez duten pertsonek ordezkapen zerrenda batean sartuko direla, hutsik geratzen diren postuak edo aldi baterako beharrak betetzeko. Lan poltsa horiek beste administrazio publiko batzuei ere utzi ohi zaizkie batzuetan, langileak behar dituztenean.
Horregatik, plaza horietara aurkeztea aukera paregabea da langile publiko gisa lan egin nahi dutenentzat, plaza lortu ez arren, Udalean edo beste administrazio publiko batzuetan lan egiteko aukera izan baitezakete etorkizunean. Kasu honetatik kanpo utzi behar dira lehiaketa bidezko egonkortze prozesuak, ez baitira lan poltsarik sortuko.
Harria parkearen estalkia
Tokiko Gobernu Batzarrak Altzako Harria parkean haurrentzako jokoen gaineko ehunezko estalkia egiteko proiektua onartu du, 277.460 euroko aurrekontuarekin.
Jesus Maria Alkain plaza
Tokiko Gobernu Batzarrak Jesus Maria Alkain plaza urbanizatzeko proiektuari dagozkion obrak kontratatzeko espedientea onartu du. Obrak egiteko aurrekontua 752.885 eurokoa da eta burutzeko epea 4 hilabetekoa.
Temas
Más en Sociedad
-
Estos son los galardonados en los Euskal Selekzioa Sariak 2025
-
Juan Carlos Olaeta es nombrado nuevo director general de Kristau Eskola
-
La madre de Gabriel Cruz sostiene que hay "indicios" de que Ana Julia Quezada "cobró un adelanto" por grabar un documental
-
Expertos alertan del creciente uso de los chatbots para combatir la soledad