“Ongi etorri ahobizi, ongi etorri belarriprest eta ongi etorri guztioi”. Hala hasi zen atzo Euskaraldiaren hirugarren edizioaren aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian. Izan ere, euskararen aldeko ariketa sozial erraldoian izena emateko epea zabaldu zuten atzo ekimenaren arduradunek.

Besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak parte hartu zuten.

Bi hilabete baino gutxiago gelditzen dira Euskaraldiaren hirugarren edizio hau martxan jartzeko, izan ere azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da. Antolatzaileak aurten gogotsu datoz aurreko bi esperientzia baikorren ondoren.

Aurrekoetan bezala, helburu nagusia euskararen erabilera handitzea izango da, herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta. Ekimenak helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara uler- tzea da.

Are gehiago, hitzaren eta ekin-tzaren urtea izatea nahi dute, hori dela eta aurtengo leloa Hitzez ekiteko garaia izango da. “Guztion artean hizkuntza ohitura berriak lantzeko baliogarria da Euskaraldia, ez da xamurra baina posiblea da danon artean”, aipatu zuten antolatzaileek.

Horren harira, eta aurreko edizioak kontuan harturik , “gogoa eta ilusioa” nabarmendu zituen Bingen Zupiriak. “Euskaraldiaren ezaugarri bezala nabarmenduko nuke, aukera eman ziola gizarte honi, euskaraz hitz egiten dutenei eta euskara ulertzen ez dutenei, euskarari buruz entzuteko”, esan zuen sailburuak.

Ariguneak

Beste alde batetik, ariguneen garrantzia aipatu nahi izan zuen baita ere, euskaren sustapen handia egiten baitute sailburuaren esanetan. “Ariguneen eragina handia da. Hura osatzen duten partaideengan eragiteaz gain, entitatean euskararen erabileran urrats berriak emateko abiapuntu izan daitezkeelako eta entitateetatik kanpora herritar multzo zabalagoetara heltzeko aukera ematen duelako”, esan zuen.

2020an lortutako emaitza arrakastatsuak nabarmendu zituen ere eta “bide horretan jarraitu” nahi dutela adierazi zuen.

Ana Ollo kontseilariak bere aldetik, bilakaera “oparoa” azpimarratu nahi izan zuen atzoko aurkezpenean. “Uste dut oso bilakaera oparoa dela hiru edizio hauetan izan dena. Elkarlana da Euskaraldiaren abiapuntua eta oinarria, eta honetan denok gara beharrezko eta dugu zeregina”, adierazi zuen kontseilariak.

Kike Amonarrizek, Euskal Herri osoa berraktibatzen ari dela aipatu zuen. “Itxaropentsu gaude, Euskaraldia indartsu datorrela eta aurten ere Euskal Herri osoan ariketa egingo duten milaka pertsona eta arigune prestatzen ari direla sumatzen baitugu”, jarraitu zuen Topaguneko lehendakariak. “Beraz, gizarte osoari, gizarteko sektore eta erakunde guztiei dei egiten diegu aurtengo ariketan parte hartzeko. Euskaraldia, maila indibidualean nahiz kolektiboan erabilera-dinamikak abiatzeko edo indartzeko aukera paregabea da”.

Hori dela eta, euskararen aldeko egitasmo bat ez dela aipatu zuen, erabileran urrats zehatzak emateko ariketa baizik: “Bai herritarrentzat eta baita erakunde eta gizarte eragileentzat ere”.

Berrikuntzak

Euskaraldiaren hirugarren edizioa berrikuntzekin dator; eta garrantzitsuenetariko bat euskaldunen ahalduntze eskolak izango dira. Guztira, lau eskola pilotu egingo dituzte Donostian, Tolosaldean, Errenterian eta Getxon. Hauek urriaren bukaeran hasiko dira eta hamar bat astez luzatuko dira.

Bestetik, gaur egun, internet hain hedatuta egonik, euskarazko hizkuntza praktikak areagotzen laguntzeko Zapla! izeneko plaza digitala ere jaio da.

Datak

Izena ematea. Atzo zabaldu zuten Euskaraldiko antolatzaileek ahobizi zein belarriprest moduan izena emateko epea.

Hirugarren edizioa. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da euskaraldiaren hirugarren edizioa.