Eibarko Udalak 697.602 euroko aurrekontua bideratu egingo ditu saihesbidetik Legarrera sartzeko errepidean dagoen lursailean aparkaleku bat egiteko. Obrak 2022ko lehenengo hiruhilekoan hasiko dira, eta aurreikusita dago 26 asteko iraupena izatea. Udalak dagoeneko atera egin ditu lizitaziora, eta eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 14ra arte egongo da zabalik.

Mendi-magalaren zati bat erauziko da saihesbidetik Legarregaineko sarrera aldera behetik gora doan errepidean, hala espaloia zabaldu eta nahikoa leku izatearren aparkaleku gune handi bat eraikitzeko. Jarduera honi esker, dauden aparkaleku-plazak bikoiztu eta 26 izatetik 53izatera pasako dira, batzuk linean eta beste batzuk zeharka.

Gaur egun, Legarregainera sartzeko errepideak zirkulazio-errei bakarra dauka, goranzko noranzkoan; auzorako sarbide bakarra da, inguru guzitan zirkulazio-noranzko bakarreko kaleak daude-eta. Proiektuaren jarduera-eremuak errepide osoa hartzen du, alegia, 165 bat metroko luzera, saihesbideko sarbideko desbideraketatik haren puntu altueneraino, oinezkoen pasabidea igaro ondoren.

Halaber, oinezkoak pasatzeko guneek beren ibilbide osoan gutxienez 1,50 metroko zabalera izango dute, oinezkoak modu erosoan igaro daitezen. Oinezkoen pasabide guztiak espaloien mailara jarriko dira eta irisgarritasun-araudia beteko dute. Mugikortasun murriztuko pertsonentzako aparkaleku-plaza berri bat ere egingo da.

Proiektu hau PSE-EE eta EAJ-PNV udal taldeek aurtengo udal kontuetan lortutako akordioaren emaitza da, talde abertzaleak aurkeztutako zuzenketa bat dela bide. Akordio hartan erabaki zen 'Errebal Plazia' erabilera anitzeko eraikin berrian garajeak eta trastelekuak emakidan adjudikatzean sortutako diru-sarreren parte bat Legarreko aparkalekuak egiteko erabiliko zela.