Donostiako Udalak inbertsio handi bat egingo du garapenerako lankidetzarako. Konkretuki, Tokiko Gobernu Batzordeak 1.105.354 euroko aurrekontua bideratuko du gizartea eraldatzeko sentsibilizazio eta hezkuntzako 28 proiektu martxan jarri ahal izateko.

"Garapenerako lankidetzarako" diru-laguntzen deialdiaren ondoren, 773.748 euro eman zaizkie aurkeztutako 23 eskaeretatik 15 proiekturi. Horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, Mundubat Fundazioaren "Emakumeak Honduras iparraldean nekazaritzako elikagaien sistema jasangarri eta erresilienteak eraikitzen" proiektua eta "Gizonen eta emakumeen sexu- eta ugalketa-osasunerako zerbitzuen eskuragarritasuna eta kalitatea hobetzea San Juan de Bigote eta Lalaquizean - Morropón eta Huancabamba probintzietan, Piura Eskualdean" Egoaizia Elkartearena.

Era berean, "Sentsibilizazioa eta Gizarte eraldaketarako hezkuntza" diru-laguntzen deialdira aurkeztutako 22 eskabideetatik 13 proiekturi diru-laguntzak ematea onartu da. Laguntza horien zenbatekoa 331.606 eurokoa da.

ZABORREN ETA URAREN TASETARAKO LAGUNTZAK

Tokiko Gobernu Batzordeak zaborra biltzeagatik, ur horniduragatik eta saneamenduagatik ordaindu beharreko tasen kuotak ordaintzeko laguntzak arautzen dituzten oinarriak eta 200.000 euroko aurrekontua onartu ditu. Zenbateko hori laguntza horien 2021eko gastua betetzeko kalkuluen araberakoa da, 2020ko gastua kontzeptu beragatik eguneratzearen ondorioz.

HAURRAK BETI JOLASEAN

Tokiko Gobernu Batzordeak Kiriketan, SL-ri Haurrak beti jolasean neguko haurrentzako jarduera antolatu eta gauzatzeko kontratua esleitzea onartu du. Kontratuaren xedea da jarduera antolatzea eta gauzatzea, haurrengan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuarekin.

Eskola orduz kanpoko jarduera bat da eta jolas eta jarduera ludikoen bitartez haurren euskara maila hobetzen laguntzen du eta baita haren erabilera sustatu ere. Donostiako ikastetxe guztietako haur hezkuntzako 2. mailatik hasi eta lehen hezkuntzako 6. maila bitarteko haurrei zuzendu dakieke

Kontratuak 2 urteko iraupena izango du, eta luzatu ahal izango da (2 luzapen, gehienez ere urtebeteko iraupenekoak). 2021-2022 ikasturteko urteko gastu finkoa 8.207 eurokoa izango da, eta 2022-2023 ikasturtekoa eta luzapenetakoa 10.000 eurokoa.

EUSKARARAKO DIRULAGUNTZAK

Tokiko Gobernu Batzordeak 6 elkarteri 6.160 euroko diru-laguntzak ematea onartu du, "Euskara Zerbitzua. Euskararen eguna" diru-laguntzen deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.

Tokiko Gobernu Batzordeak 10 elkarteri 12.020 euroko diru-laguntzak ematea ere onartu du, "Euskara Zerbitzua. Jarduera zehatzak" diru-laguntzen deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera..

GABONETARAKO DIRULAGUNTZAK

Tokiko Gobernu Batzordeak Gabonak Zuretzat 2021-22 programaren barruan Gabonetarako jardueren programazio berezia garatzen duten elkarteentzako diru-laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartu ditu, hiriko haur eta gazteentzako jarduerak egiteko. Diru-laguntza horien zenbatekoa, guztira, 5.200 eurokoa izango da.