Badirudi egun hori iritsita, iristen baldin bada, Sodoma eta Gomorraren pare ospatuko dugula. Musukoak airean botako ditugu, elkar besarkatu, muxuak banatu, parranda egin hurrengo goiza arte eta lore usainak dena zipriztinduko du, erromako zubi eta unikornio arrosez apaindutako Windowseko mahaigain zoragarri horretan. Sodoma eta Gomorra aipatu ditut, baina agian izango du urte zaharreko gauaren itxura gehiago.

Berriz nator zaldi gainean ezkortasunaren ordezkari gisa, edo hori dirudi behintzat, baina zin dagizuet ez dela nire asmoa hori. Eta ez dut sermoi pedagogikoak emateko asmorik ere. Baina nahiko argi daukat aldi berean, jendarteak ez duela nahiko ardura hartzen hau konpontzeko, politikariek elkarri pasako diotela erruaren pilota, eta zenbait neurriekin jarraitu ezean, egoerak, bere kabuz, ez duela hobera egingo.

Agian, zortea gure alde bada, oraingo honetan ez digute errua herritarroi egotziko, Aste Santuaren eta Eguberrien ostean bezala. Agian, berriz, gure partez erabakitzen dutenek elkarri mokoka aritzeko aprobetxatuko dute etengabeko hauteskunde kanpaina horretan. Eta bai, honetaz guztiaz kexatzeko eskubidea izan badugu, nork bere kabuz neurriak hartu eta mantentzeko gai garen bezala. Baina izan gaitezen zintzo, ez bata eta ez bestea ez dira gertatuko, eta birusa ez da desagertuko bere borondatez, pixkanaka, oso pixkanaka, txertatzen gaituzten bitartean. Nahiko argi geratu da gehiengoak ongi jokatuta ere gutxi batzuek egoera asko kakazteko ahalmena dutela. Eta horrek bazka handia ematen diela komunikabideei. Ikusi duzu Gasteizeko gazte horiena? eta Barakaldo inguruko merendero horretan gertatutakoa? Galanta Mendillorriko futbol partidarena€

Txertoen kopuruarekin ere bada gorabehera. Zenbait komunikabideei kasu eginez gero, badirudi kamioia kamioiaren atzetik datorrela hiru edo lau txerto motarekin, eta gutako edozeinek har dezakeela bat, baita modeloa aukeratu ere. Baina errealitatera jaitsita inguruan makina batek behin eta berriz deitzearen ondorioz soilik lortu dute txertatzea, eta beste ba-tzuk lortu ere ez, adin, lanbide eta abarren arabera aspalditxo baldin bazegokien ere.

Eta honen harira, sms bidez abisatzeko ideia zoragarria zeini etorri zitzaion burura? Ez al dira hori prestatzen lan egiten dutenak konturatzen adin batetik gorako gehiengoak mugikorrak gazteenei telefono finkoari ematen dioten erabilera bera ematen diola? Leihoak irekitzean paperak hegan ez egiteko, horretarakoxe.