"Tolosa Badabil" mugikortasun jasangarri eta berdintasunerako planean jasotako lan lerroetako bat da bizikletaren erabilera sustatzea eta txirrinduentzako aparkaleku gehiago sortzea.

Epe motz, ertain eta luzerako ikuspegia duen mugikortasun plan berrian jasota dauden proiektu guztietatik hainbat hirigintza-proiektu garrantzitsu eta ekintza txiki lehenetsi ditu udal gobernuak legealdi honetarako, horien artean kokatzen da, sortu berri den bizikletak uzteko gune estali berria.

Gero eta gune gehiago bizikletak uzteko

Bizikletak aparkatzeko eremu asko daude Tolosan: Oriaburu eraikinaren kanpoaldean, Emeterio Arresen eta Nafarroa etorbidean, besteak beste. Iaz, Udalak txirrinduentzako 80 aparkaleku berri jarri zituen kiroldegi alboan eta orain, bizikleta-aparkalekuen eskaintza zabaltzen jarraitzeko, 28 txirrinduentzako aparkaleku berri sortu dira Musika Eskola atzean.

Patxi Amantegi, ingurumen zinegotziak nabarmendu duenez, "aparkaleku berri honekin herritarrei bizikletak uzteko aukera berria eskaini nahi diegu, modu honetara espazio publikoaren erabilera zuzena ere ahalbideratzeko, ez daitezen horretarako prestatuak ez dauden eremuetan utzi bizikletak; baina helburu nagusia da mugikortasun eredu jasangarriak sustatzea eta intermodalitatea bultzatzea, trenez lanera joaten diren tolosarrek aparkaleku berrian utzi dezaten beren txirrindua".

Beraz, aparkaleku berria, mugikortasun jasangarria sustatzeko neurrietako bat da, tolosarrentzat bizikletaz mugitzea erosoagoa izan dadin. Honekin batera, "pertsonak erdigunean kokatzen dituen herri ereduaren alde, bizitegi eremu izendatu ditugu hainbat gune, oinezko zein txirrinduek lehentasuna izan dezaten kale horietan; herri erdiguneko abiadura mugatuta dago (30km/h) espazio seguruagoak izan daitezen eta espazio publikoa tolosarrentzat atseginagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa bilakatzeko, kaleak zaharberritzen jarraitzen dugu oinezkoei lehentasuna emanez; aurten, besteak beste, Laskoain kalea, Gernikako Arbola eta Paper kalea eraberrituko ditugu helburu horiekin" esanez amaitu du Patxi Amantegik.