BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak garapenerako lankidetza-proiektu berri bat jarriko du martxan Guggenheim Bilbao Museoarekin eta irabazi-asmorik gabekok Little Sun fundazioarekin batera. 'Senegalerako argiak' izeneko proiektua Bizkaia Koopera foru programaren barruan kokatzen da.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Guggenheim Bilbao Museoak eta irabazi-asmorik gabeko Little Sun fundazioak berriro batu dituzte indarrak 'Senegalerako argiak' garapenerako lankidetza-proiektuaren inguruan.

Olafur Eliasson artistak sortua, Little Sun fundazioak Senegalgo landa-eremuetako osasun-zentroei laguntzeko programa bat ezarri du. Afrikako landa-eremuetako osasun-instalazio eta osasun-langile gehienek ez dute elektrizitaterik edo noizean behin bakarrik izaten dute.

Osasun-langile batzuek orduak eman behar izaten dituzte beren telefonoak kargatzeko, oso tresna baliotsuak baitira artatzen dituzten pazienteekin konektatzeko. Hornidura elektriko fidagarririk gabe, osasun-langileek ezin dute oinarrizko proba diagnostikorik egin, ezin dute sendagai hozturik eduki, eta ezin dute prozedura medikoak egiteko argirik izan.

Proiektuaren edizio berri honetan osasun-zentroetarako 65 eguzki-sistema finantzatuko dira, osasun-langileen lana errazteko, bai covid-19aren prebentzio-kanpainetan, bai amatasunaren arretarako eta gaixotasun tropikalen aurkako lehen laguntzetan. Doako argiztapena emateaz gain, eguzki energia sistema honek telefono mugikorrak kargatzeko aukera ere ematen du.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak eta Juan Ignacio Vidarte Museoko zuzendari nagusiak Little Sun eguzki sistema horiek aurkeztu dituzte astelehen honetan, Guggenheim Bilbao Museoan, hornidura elektrikorako sarbiderik ez duten erkidegoentzat dituzten abantailak erakusteko. Proiektua eta 'Bizkaia Koopera' multzoa NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuen 2030 Estrategiaren barruan kokatzen dira.

Laespada diputatuak azaldu duenez, Bizkaia Koopera programa "lankidetza egiteko eta batzen laguntzen duten alorretan jakintza, esperientzia eta ezagutza ematen duten agente berriak batzeko beste modu bat da".

Lankidetza hori artearen munduak ekintza klimatikoari laguntzeko eta Garapen Jasangarriko Helburuak lantzeko duen moduaren adibide handia da. 2012tik, Little Sunek 1,2 milioi eguzki-gailu pertsonal baino gehiago banatu ditu ikasle, errefuxiatu, maisu-maistra eta osasun komunitarioko langileen artean elektrizitaterik gabeko eremuetan. Erakundeak haurrentzako 58 milioi ikasketa-ordu gehiago sortu ditu, 800.000 tona metriko CO2 gutxiago isurtzea eta energia garbiaren bidez etxeetan 150 milioi dolar aurreztea lortu du. Little Sun kultur erakundeekin eta artistekin ari da lanean, eguzki-energia mundu mailako pertsonen eguneroko bizitzara eramateko eta eguzki-energiarekin funtzionatzen duen mundu baten aldeko ekintza bultzatzeko.

'Olafur Eliasson: bizitza errealean' erakusketak Iberdrolaren babesa du, eta 300.000 lagunek baino gehiagok bisitatu dute Guggenheim Bilbao Museoan, eta apirilaren 11n itxiko ditu ateak.