Biriatu, Behobia eta Santiago bezalako igarobide nagusiak zabalik egonen dira, Ibardin, Dantxarinea eta Arnegi bezala baina gaurtik bederatzi igarobide itxiko dituela iragarri du Eric Spitz Frantziako gobernuak Ipar Euskal Herrian duen ordezkariak. San Martingo Harria, Larraine, Aldude, Izpegi, Lizarrieta eta Lizuniagako igarobideak itxiko dituzte, besteak beste. Spitzek dio neurriak eragin mugatua izanen duela mugikortasuna eta jarduera ekonomikoarentzat.

Sara eta Zugarramurdi artean dagoen Berrouet bentara doazen bezeroen artean ez zen besterik aipatzen atzo. "Muga berriz hestea ez da batere berri ona hemengo herritarrentzat", zioen Beñat saratarrak. Xareta eskualdeko herritar eta merkatariek ez dute neurri berria batere begi onez ikusten eta salatzen dute agintariek ez dutela zehaztu zergatik eta noiz arte indarrean egonen den. Ana Mari Agerralde bentako saltzailearentzat ere egoera nahasia da: "Ez dakigu deusik, guri ez daukute deus erran. Bezero guztiek galdetzen dute gelditu gabe sorpresa izan baita".

Bezeroek bentara joaten segitu ahal izanen dute sarrera Lapurdin dagoelako, gasolindegia ordea Nafarroako eremuan dago. "Mugaz ber-tze aldean da, pentsatzen dut utziko dutela jendea hara gatea baina ez da argi", deitoratu du Ana Marik. "Saratar, azkaindar, eta senpertarrak beti etortzen dira hona erregaia, janaria, alkola eta tabakoa erostera. Gauza onik ez da!".

Bezeroen artean Kattalinek salatu du inork ez duela ulertzen zergatik mugako zenbait bide itxiko dituzten. "Indarkeria? Inoiz ez gara hain lasai egon. Edozein aitzakia ona da eskubideak murrizteko. Erotuko gaituzte". Beran ere begi txarrez ikusten dute erabakia herritar askorentzat kaltegarria izanen baita Gaizkaren hitzetan. "Aski gaizki da kriston buelta eman beharko baitugu berriz ere. Gureak bezalako mugako herriak ez dituzte batere kontuan hartzen", dio Anek. Kanboko ikastolako irakaslea da eta Lizuaniaga hesten badute Ibardindik joan beharko du lanera. "Ordu erdiko bidaiak bikoitza iraunen du orain! Ez nago batere ados. Langile aunitz bada egunero Dantxarinera joaten dena. Zugarramurdi eta Urdazubira ere bai familia ikustera". Pandemiarengatik ipar eta hego Euskal Herri arteko muga denbora luzean hetsi zuten eta orain Parisek dio neurria hartzen duela terrorismoaren kontra egiteko. Hendaia eta Hondarribia arteko itsas ontziaren bidaiak debekatu dituzte ere. "Erabakiak ez du zentzurik joan den urriaren 30etik ezin dugulako lanik egin. Txontxogiloak dira", salatu du ontziaren jabeak.