EIBAR. Muzategi kalea berrurbanizatzeko obretako proiektua lizitaziora atera ondoren, Eibarko Udalak pausu berdina eman du Ipuruako kiroldegiko igerileku estalietan deshumidifikazio sistema berri bat jartzeko lanekin. Guztira 114.844 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak, eta zazpi asteko epea emango du obrak amaitzeko. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz hezetazun-maila kontrolatu behar izanak bultzatu egin ditu lan horiek.

Ipuruako kiroldegiko igerileku estaliek aspalditik dituzte arazoak hezetasun-maila egokia mantentzeko. Horrek berez ez dakar inolako eragozpenik normaltasun-egoera batean, baina koronabirusaren pandemiaren eraginez eta igerileku estalietako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, hezetasun-mailak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Sailak horrelako instalazioetarako eskatzen dituen parametroen barruan egon behar dira.

Gaur egun, hezetasun-maila horiek behin-behineko sistemen bidez bermatu izan dira, baina Udalak erabaki du, sistema horien ordez, sistema iraunkor bat ezartzea ahalik eta lasterren arazoa behin betiko konpontzeko.

Aurrekoa betetzeko, igerilekuen esparruan kanpotik barrualdera airea igortzen duen mekanismoa martxan jarri ondoren, hozteko instalazio berri batek airearen hezetasuna kentzea ahalbidetuko du.

Sistema hori ezartzeko, aldatu egin beharko dira airea tratatzeko instalazioak, hozteko instalazioak, instalazio hidraulikoak eta erregulazio- eta kontrol-instalazioak.

Proiektu hau aurrera eramateko interesa duten enpresek 2021eko urtarrilaren 18ra arteko epea izango dute beren eskaintzak aurkezteko.