BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun emeritua den Adela Asua izendatu egin dute Estatuko Kontseiluko kontseilari iraunkor.

Asuak, Bederatzigarren Atalaren buru izango denak, bere onarpen hitzaldian nabarmendu zuenez, "gure erakunde publikoetan emakumerik egon ez izana zulo beltza da, eta zulo horren energiak aurrerapenaren egutegia atxiki eta atzeratu egin zuen". Bestalde, Estatu Kontseiluaren lema gogorarazi zuen: "Praevidet Providet, aurreikusi eta eman. Kontseiluan sartu naiz, gaur, gobernuak eta administrazioek legearen arabera eskatzen duten aholkularitza funtzioa betetzeko asmotan, eta, erabakiak edo ekimenak hartu behar dituenari lagundu behar dioten proposamen, iritzi eta txostenak eskatzen dituzten eginkizunak ere betetzeko".

Bestalde, Estatu Kontseiluko lehendakariak, María Teresa Fernández de la Vegak, kontseilari iraunkor berriei ongi etorria emateko hitzaldian hau nabarmendu zuen: "zuek sartzea parekotasunerako aurrerapausoa da". Parekotasuna demokraziaren baldintza bat da, ezin baita demokraziarik izan pertsona diskriminatuak dauden lekuetan. Berdin gertatzen da Zuzenbidezko Estatuarekin, demokratikoa ez ezik, soziala ere izan behar baita, gure Konstituzioan jasotzen den bezala". Adela Asuarekin batera, Andrés Sáenz de Santa María ere sartu da Estatu Kontseiluan.

IBILBIDE AKADEMIKOA

De la Vega presidenteak egindako hitzaldian nabarmendu zuen UPV/EHUko Zuzenbide Penaleko katedradunak bere karrera akademikoaren lehen urteetatik garatutako ikerketa lerroa. De la Vegak adierazi zuenez, "Adela Asua oso garrantzitsua izan da delituen eta sexu erasoen arloan, generoaren ikuspegitik. Aitzindaria izan da arlo horretan. Lotu egin du sexu erasoen erregulazio juridikoa kultur irudiekin".

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra 1988az geroztik, eta Konstituzio Auzitegiko magistratua izan zen (2011-2017) Senatuak aukeratuta, eta Euskal Herriko Legebiltzarrak proposatuta. Ikerketa proiektu ugari zuzendu ditu, baita hainbat unibertsitatetako Zuzenbide Penaleko hamar bat irakasleren doktorego tesiak ere. Badu, bestalde, zuzenbide penaleko eta politika kriminaleko zenbait lerrori buruzko argitalpenik.

Bederatzigarren Atalak, Adela Asua buru duelarik, hainbat gai aztertuko ditu, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministeriotik, Gizarte Eskubideetako eta Agenda 2030 Ministeriotik eta Berdintasun Ministeriotik etorritakoak, hain zuzen ere.