GASTEIZ. Industrialdeetara lan egitera doazen gasteiztarrek mugikortasunari buruzko inkesta bat erantzun dezaten eskatuko du Gasteizko Udalak, euren beharrak jakin ahal izateko eta horien gainean lan egiteko. Guztira, 37.000 pertsona inguru joaten dira egunero industrialdeetara eta teknologia-eremuetara.

Inkestak bi modalitate ditu: bata enpresentzat eta bestea langileentzat. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zein Ekonomia Sustapenaren Sailek CEA, TUVISA eta Gilsa sozietateekin batera sustatutako Industrialdeetarako lehen Mugikortasun Plana taxutzeko lanen barruan sartzen da. Plan horretan 90.000 euro baino gehiago inbertituko dira.

Plan hori joan den irailean hasi zen prestatzen, aurrediagnostikoa egiteko eta Arabako hiriburuko industrialdeetan datuak hartzeko (aparkalekuak, ibilgailuen edukiera, etab.) hasierako fasearekin, helburu nagusi honekin: gaur egungo egoerari buelta ematea, eremu horietara egiten diren desplazamenduen % 50 baino gehiago ibilgailu pribatuarekin egiten baitira, eta aukera jasangarriago batzuk planteatzea.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok aurkeztu dute ekimena gaur goizean. Zinegotziaren esanetan, industria "gure hiriaren DNAren parte da, eta funtsezko zeregina du ekonomia suspertzeko. Alorreko eragileekin izan dugun lankidetzari esker, ekimen garrantzitsuak bultzatu ditugu, hala nola industrialdeetako kaleak eraberritzea edo udalaren webgunean datu-base bat abian jartzea gure industria-eraztuna sustatzeko. Orain urrats bat gehiago emango dugu diagnostiko honekin, orain arteko anbiziotsuena, 37.000 pertsona egunero nola mugitzen diren jakiteko".

"Laneko mugikortasunak hiriko mugikortasun osoan duen pisua nabarmena da. Planteatzen ari zaizkigun beharrei eta eskaerei erantzun nahi diegu, eta hiriko estrategia partekatuen barruan egin nahi dugu, trantsizio ekologikoaren, klima-aldaketaren aurkako borrokaren edo Garapen Jasangarriko Helburuen erronkek markatuta", azaldu du Ruiz de Escuderok.

Industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkestak online erantzun ahalko dira, udalaren web-orrian ikusgai egongo den esteka baten bidez, plan hau lantzeko prozesu osorako berariaz sortutako atalaren barruan. Udalerrian dauden industrialdeez gain (Arabako Parke Teknologikoa, Gamarra, Betoñu, Arriaga, Ehari-Gobeu, Jundiz, Ariñiz eta Oreitiasolo), Subillabide eta Goiainen lan egiten duten pertsonek ere parte hartu ahalko dute, eremu horien eta Arabako hiriburuaren artean ere mugikortasun handia baitago.

Parte-hartzaileek nola mugitzen diren, lanerako joan-etorrietan zenbat denbora ematen duten edo zein garraiobide erabiltzen duten azaldu beharko dute. Era berean, lan-arrazoiengatik egiten dituzten joan-etorrien benetako kostua ezagutzen duten eta mugikortasun-ohiturak zein baldintzatan aldatuko lituzketen jakin nahi da. "Oso garrantzitsua da inkesta honi ahalik eta pertsona eta enpresa gehienek erantzutea; izan ere, zenbat eta erantzun gehiago izan, orduan eta fidelagoa izango da teknikariek egin dezaketen diagnostikoa, eta proposatutako neurriak ere egokiagoak izango dira", azpimarratu du Udalak.

Gasteizko Udalak industria-eremu horietan erroldatutako enpresa guztiei bidaliko dizkie inkesta horiek, eta kanpaina bat egingo du sare sozialetan, ahalik eta langile gehienengana iristen saiatzeko. Inkesta kaleratu aurreko aste hauetan, Udala sektoreko eragile nagusietako batzuekin egon da, zalantzarik gabe enpresa askoren lehiakortasuna eta langileen bizi-kalitatea eta osasuna hobetu ditzakeen prozesu batean inplikatzen saiatzeko. Halaber, QR kodea duten kartelak banatuko dituzte hiriko industrialdeetan, inkesta deskargatzeko.

HIRI EKOLOGIAREN GELA ETA PARTAIDETZA PROZESUA

Industrialdeetarako Mugikortasun Plan honek hiri gehienetan gainditu gabe dagoen irakasgaietako bat konpondu nahi du: lanerako mugikortasuna. Gasteizko Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren azken berrikuspena 2018an egin zen, eta hori izan zen identifikatutako erronketako bat. Orain, dokumentu berri honekin, udalerriko industria-eremuei mugikortasun-sistema osasungarriagoa, lehiakorragoa, unibertsalagoa eta iraunkorragoa eman nahi zaie.

Hori lortzeko, partaidetza-prozesu oso bat garatuko da Mugikortasun Elkargunearen bidez, eta eragile guztiak inplikatu nahi dira, enpresa eta elkarteetatik hasi eta sindikatu eta langileetaraino. Prozesu hori 2021eko lehen seihilekoan garatuko da nagusiki, baina horren aurretik, IGIk Hiri Ekologiaren Gela bat antolatu du gaur, azaroak 25, Estatuko lanerako mugikortasunaren arloko aditu handienetako batekin, Manel Ferrirekin.

Kataluniako teknikari hori mugikortasun iraunkorraren aldeko aktibismoan aritu izan da GKEen eremuan eta eremu sindikalean (CCOO-ko mugikortasun arloaren arduraduna izan zen), eta gaur egun mugikortasun arduraduna da Bartzelonako Diputazioko Klima Aldaketaren Bulegoan. Ferrik azalduko duenez, gaur egun indarrean den mugikortasun-ereduak berekin dakartza inpaktu garrantzitsuak, langileen ongizateari eta bizi-kalitateari eragiten diotenak, baita enpresen eta ekonomia nazionalaren lehiakortasunari ere. Halaber, administrazioek, enpresek eta langileek elkarrekin neurriak hartzearen garrantzia azpimarratuko du, egungo mugikortasun-arazoei erantzun azkarrak emateko.