BILBO. Aurreko urteko aldi berekoarekin alderatuta trafikoak % 12 behera egin duen arren, 10 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan uztailean eta abuztuan.

Osasun-krisi globalak eraginda, Marokok itxi egin zuen lehorreko muga eta bertan behera utzi zuen Itsasartea Zeharkatzeko Operazioa, eta horrek eragin du nabarmen gutxitzea garai honetan Euskadi zeharkatu ohi duen nazioarteko trafikoa.

"Aurtengo udan Euskadiko errepide-sarean barruko joan-etorriak eta inguruko autonomia-erkidegoetara, hala nola, Errioxara, Nafarroara, Kantabriara, Burgosera eta Iparraldera, bideratutako trafikoak erregistratu dira. Auto-ilarak, beraz, batez ere sortu dira A-8an, Kantabriarako noranzkoan, eta une jakin batzuetan Biriatuko pasabidean, kamioiak pilatu izanaren ondorioz. Inoiz ez bezalako udako irteera eta itzulera operazioa izan da aurtengoa, eta aurreko urteetan baino auto-ilara gutxiago sortu dira, beraz, eta trafikoa arinagoa izan da", azaldu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak.

Istripuren bat gertatuz gero A-8ko zirkulazioa, Kantabriarako noranzkoan, zertxobait arindu ahal izateko, garabi bat egon da Barakaldo eta Kantabriarako muga bitartean uztailaren 31tik abuztuaren 2ra arteko asteburuan, abuztuaren 14tik 16rakoan eta abuztuaren 28tik 30erakoan.

Horrez gainera, aurten seinaleak jarri dira eta 5.000 liburuxka banatu dira AP-8ko eta AP-1eko zerbitzuguneetan covid-19ren prebentziorako hartu beharreko higiene-neurriak gogorarazteko.

IRTEERA-OPERAZIOA

Irteera-operazioa gorabeherarik gabe gauzatu zen eta ez zen, beraz, operazio berezirik aktibatu beharrik izan Etxabarri Ibiñan, AP-1en eta N-622ren elkargunean, Gasteizerako noranzkoan, ez eta Gasteizen ere N-622ren eta A-1en elkargunean Burgos/Madrilerako noranzkoan. Era berean, ez zen gomendatu beharrik izan A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean.

Bizkaian trafiko handieneko egunak uztailaren 3tik 18ra bitartekoak izan ziren. Egun horietan 16 km-ra arteko ilarak sortu ziren Kantabriarako noranzkoan, bai trafiko handia zegoelako bai istripuak gertatu zirelako Saltacaballon eta Mioñon. Bestalde, uztailaren 19an 20 kilometrotik gorako ilara sortu zen Kantabriako lurraldean, Bilborako noranzkoan. Horrez gainera, uztailaren 30ean, Bizkaian eta Gipuzkoan jaieguna izanik, 13 km-ko ilarak sortu ziren A-8an, Kantabriarako noranzkoan.

Gipuzkoan trafiko handieneko eguna uztailaren 14a izan zen (Frantzian jaieguna zen eta ibilgailu astunek mugatuta zuten zirkulatzea), eta AP-8an, Biriatuko ordain-lekuan, Frantziarako noranzkoan, 13 km-ra arteko ilarak sortu ziren. Bestalde, uztailaren 21ean istripua izan zuten hiru kamioik, eta 12 km-ra arteko ilarak sortu ziren AP-8an, Irunen, Frantziarako noranzkoan.

Araban, bestalde, abuztuaren 1ean bakarrik izan ziren arazoak, eta 2 km-ko ilarak sortu ziren Gasteizen, A-1en eta N-622ren elkargunean, Madrilerako noranzkoan.

ITZULERA-OPERAZIOA

Itzulera operazioan, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen berezia jarri du Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat utzi da AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat.

Dena den, itzulera oso mailakatua izan da, apenas sortu dira auto-ilarak, hain zuzen ere, Euskadi zeharkatu ohi duen nazioarteko trafikoa gutxitu izanaren ondorioz.

Gipuzkoan auto-ilararik luzeenak abuztuaren 28an sortu zien AP-8an, Frantziako mugan, eta 6 km-ra arte iritsi ziren ibilgailuak pilatu izanaren ondorioz.

Araban eta Bizkaian aurten ez da azpimarratzeko moduko auto-ilararik sortu.

ISTRIPUEN TASA

Uztailean eta abuztuan 10 pertsona hil dira Euskadiko errepide-sarean: Bizkaian 4 eta Gipuzkoan 6. Hildakoak, beraz, 2019ko aldi berean izandakoak baino 4 gehiago izan dira, eta horietatik 4 motor-gidariak ziren, bat auto bateko bidaiaria eta 5 auto-gidariak eta furgoneta baten gidaria. Bestalde, 80 zauritu larri izan dira, 2019ko udan baino % 16 gehiago (eta 2018an baino % 3 gutxiago).

Ertzaintzak erregistratu dituen istripuen kopuruak % 11 egin du behera aurtengo udan aurreko urtekoarekin alderatuta (eta % 7 2018koarekin alderatuta). Guztira 1.180 istripu gertatu dira: 454 Bizkaian, 474 Gipuzkoan eta 252 Araban.

Urtea hasi zenetik, 30 pertsona hil dira trafiko-istripuetan: Araban 4, Bizkaian 12 eta Gipuzkoan 14.

SENTSIBILIZAZIO-KANPAINA

Udako irteera eta itzulera operazio berezian istripuak gutxitzeko helburuarekin, Trafiko Zuzendaritzak kanpaina berria jarri zuen abian ?Berriro ateratzea / Volver a salir? izenburupean, eta gidatzean arduratsuak izateko eskatzen zuen mugikortasuna murriztuta izan ondoren.

Prebentzioaren aldeko kontzientzia hartzea funtsezko estrategia da istripuen tasak murrizteko, indarrean dagoen Trafiko Zuzendaritzaren 2015-2020 aldiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoan jasota dagoen moduan.