GASTEIZ. Pasa den ostiralean, hilak 12, ospatutako Tokiko Gobernu Batzarrean, Gasteizko Udalak Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko dituen bidegorriaren proiektuaren kontratazio-dosierra onetsi zuen. 160.000 euro bideratuko dira Bremen kalean barrena joango den bidegorri berriaren lanetara, eta hiru hilabete iraungo dute.

Bremen kalean iparralderako noranzkoan zirkulazio-erreietako bat kendu eta galtzadan bidegorri bereizi eta bi noranzkokoa jartzea aurreikusi da. Bizikleta-bidea espaloiaren eta aparkalekuen artetik joango da, eta kale osoko aparkalekuak utziko dira. Gainera hiribidea zeharkatuta Antonio Machado kaleraino joateko bizikleta-bidea ere egingo da, espaloian. Bi bidegurutzeetan, Oto hiribidean zein Antonio Machadon, txirrindularientzako pasabideak egokituko dira. Bizikleta-bide horiek oso oinezko gutxik erabiltzen dituzten espaloietan jarriko dira, beste aukera eroso eta zuzenago batzuk baitituzte ibiltzeko.

Horretaz gain, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak segurtasunaren alorreko zenbait lan egingo ditu, hala nola piboteak jartzea eta biribilguneetako sarrerak nahiz irteerak estutzea, txirrindulariak babesteko.

AURRERA DOA 'ORAIN GASTEIZ'ESPAZIO PUBLIKORAKO PLANA

Gorka Urtaran alkateak gaur goizean azaldu duenez, ‘Orain Gasteiz’ planaren barruan bizikleta mugikortasuna hobetzeko iragarri ziren esku-hartzeak aurrera doaz, atsedenik gabe; 8 kilometro bidegorri sortzea aurreikusi da planean. Hain zuzen ere, horietako bat da Bremen kalekoa. Düsseldorf eta Zurrupitieta kaleetan ere bidegorriak laster bukatuko dira.

Ildo beretik, datozen egunetan hasiko dira Artapadura kalean bidegorri bat egiteko lanak. Zirkulazio-errei bat kenduko da, galtzadan bi noranzkoko bizikleta-bidea jartzeko. Behin lan hori amaituta, Gamarrako atera joango da lantaldea. Leku horretan egingo da esku-hartze anbiziotsuenetako bat.

Izan ere, Kantabrikoaren hiribidea eta Zadorra hiribidea lotzea da asmoa. Hiru zatitan banatuko da esku-hartzea. Bi zatitan, Kantabrikoaren hiribidetik Santo Tomas Ibaiaren plazaraino eta Zadorra hiribidetik gertuen dagoen zatian, aparkalekuen zerrenda ordeztuko du bidegorriak. Erdiko zatian, Santo Tomas Ibaiaren plazatik erreiak banatzen diren lekuraino, zirkulazio-errei bat kenduko da bidegorria egiteko.

Legutianoko ateko eta Ozeano Barearen kaleko bidegorriak egiteko lanei ere laster ekingo die Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Uztailaren hasieran, berriz, Oto hiribideko bizikleta-konexioari heltzeko asmoa dago.