TOLOSA. Tolosako Udalak aho batez erabaki du ekainaren 23an hastekoak ziren San Joan jaiak bertan behera uztea. Gauzak horrela, sua sinbolikoki piztuko da egun horretan, plaza publikoari itxita eta streaming bidez sua ikusteko aukera eskainita.

Apirilean hasi zen udala San Joan jaietan parte hartzen duten herriko eragile guztiekin biltzen aukera ezberdinak lantzeko eta zer egin adosteko. Apiriletik hona, egoera eta baita baldintzak ere asko aldatu dira eta une oro, planteamendu desberdinak eskuartean izanik egin da lan.

Olatz Peon Ormazabal alkateak azaldu duenez, "larrialdi egoera honek San Joan jaiak normaltasunez gauzatu ahal izatea galaraziko du, oraindik ere ardura osoz jokatzea behar beharrezkoa delako, baina guztiok,modu ezberdinetara bada ere, bizi izan ditugun une zailen ondotik herritarrei keinu txiki bat egitea ere garrantzitsua iruditu zaigu, jakin badakigulako San Joan jaiak bereziak eta sentituak direla tolosar askorentzat".

Beraz, soilik sua piztuko da eta elizkizunak mantenduko dira aurtengo San Joan jaietan.

Ekainaren 23an, 19:30ean Andre Mari elizan bezperak egingo dira, edukiera mugatuarekin eta beharrezkoak diren neurriak hartuta.

22:00etan San Joan sua piztuko da Andre Mari plazan, "San Joan" zortzikoa jo ondoren. Ekintza laburra izango da, erabat sinbolikoa. Plaza itxita egongo da eta herritarrek streaming bidez ikusi ahal izango dute sua.

San Joan egunean, ekainaren 24an, 11:00etan meza nagusia egingo da Andre Mari elizan "Santa Maria" musika kaperaren parte hartzearekin. Elizkizuna amaitu ondoren, udal txistulari bandak "San Joan" zortzikoa joko du. Streaming bidez eskainiko da meza nagusia.

Arratsaldean, 16:45ean Santa Maria elizan bigarren bezperak egingo dira eta arratsaldeko 19:30ean Kalean txarangak zuzenean joko du streaming bidez.

Tolosako Udalak eta jaietan parte hartzen duten eragileek bat egin dute eta jairik ez ospatzea erabaki dute. San Joan sua bakarrik egingo da, modu sinbolikoan, plaza publikoari itxita eta streaming bidez sua ikusteko aukera eskainita.Udako kultur jarduerei hasiera

SuspertuTolosa planean jaso bezala, kale dinamizaziorako eskaintza programa lantzen hasia da kultura saila, jakinik aurtengo udara berezia izango dela guztiontzat.

Herriko kultur taldeekin elkarlanean eta beren parte hartzea lehenetsita, herritarrei aurtengo udaran kultur eskaintza zabala eskaintzeko helburuarekin eta kultur taldeen jarduna babesteko asmoz haur, gazte, heldu zein adineko pertsonei zuzendutako ekitaldiak barnebilduko dituen programa lantzen ari da saila.

Lehen kultur ekitaldiak ekainean izango dira, egoerak eskatzen dituen prebentzio eta segurtasun neurri guztiak hartuta.