TOLOSA. Hurrengo asteazkenean, hilak 10, arratsaldeko 18:00etan, Tolosako Udalak herriko gazteekin online topaketa izango du, haien ahotsa entzun eta Tolosatzen Eskola Irekia eta Gazte Diagnostikoa aurkezteko. Ekitaldia Zoom plataformaren bidez egingo da eta 20:00etan amaituko da, gutxi gorabehera. Parte hartzeko, galdetegi bat bete behar izango da aldez aurretik izena emateko.

Tolosatzen Eskola Irekia proiektuaren barruan Gazteen Topaketa egingo du udalak datorren asteazkenean. Abenduan martxan jarritako programa pilotuari heldu eta egungo egoerara egokituta, online izango da topaketa. Azken hilabeteak nola bizi izan dituzten entzun, egungo ziurgabetasun egoeraz hitz egin eta epe motz edo ertainera dituzten kezka nagusiez aritzea da topaketaren helburua. Bide batez, topaketan parte hartzen dutenei Tolosatzen Eskola Irekia zein Gazte Diagnostikoa proiektuen berri ere emango die udalak. Proiektuak aurkeztuta, herriko gazteekin zein gazteentzat sortutako ekintza plan bat egituratzeko lehen urratsa ere izan nahi du topaketak.

GOBERNANTZA EREDU BERRIETAN SAKONTZEKO

Aurreko legealdian abian jarritako Tolosatzen prozesuaren barruan, Tolosako Udala aurten garatzen ari den Tolosatzen Eskola Irekia proiektuaren barruko beste ekintzetako bat da gazteen topaketa.

Herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko helburuarekin abiarazi zuen abenduan Tolosako Udalak Tolosatzen Eskola Irekia proiektu pilotua. Elkarlana eta lankidetza ditu oinarri proiektuak, eta, udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarren arteko sinergiak sustatzeko helburua du. Elkar ezagutza sustatzeko eta herri eragileen sarea indartzeko topaketen barruan kokatzen da datorren asteazkenean gazteekin egingo den saioa.